Her-en esentzian pentsatzean, itsasertzean bizi den emakume bat burura datorkio Sertutxari: “Itsasoaren ondoan bizi den emakume heldua da, baina ez da inoiz andre nagusiz jantzita joango. Tokiko merkataritza maite du eta herrian paseatzea gustatzen zaion pertsona da”.
Hala, bi dendak Uribe Kostako lagunei zuzenduta daude, nahiz eta noiz behinka beste herrietako bezeroak ere dituen. “Ez dugu online saltzen eta ez dugu jarraitzailerik erosten Instagramen gure xede-publikoa bertakoa delako”, argitu du jabeak. Halaber, saltzen dituzten produktuetan saiatzen dira euskaldunak diren markei lehentasuna ematen. Horrek gertuko eta tokiko negozioa bilakatzen du Her.
Gainera, beste dendetatik bereizten duen zerbitzu bat eskaintzen dute: aurretiko hitzordua. “Bezero batek probaleku bat erreserbatzen du berarentzat bakarrik, eta hari mesede egin diezaioketen jantziak prestatzen ditugu. Normalean, ezagutzen dugun emakumea da, edo berak ematen digu behar dugun informazio guztia”, azaldu du Sertutxak.
Azken hilabeteetan egin dituzten berriztapenen artean, gama altuko produktuak eskaintzea aurkitzen da, Uribe Kostan horien “gabezia” sumatu baitu jabeak. Hala, lanean pozik dagoela aitortu du Sertutxak, ez zuelako inoiz espero Her-ek hainbesteko arrakasta izatea herrian.