Adierazpenean ohartarazi dutenez, itxiera hori egi bihurtuz gero, elkarteek uste dute inguruko kultur jarduerari kalte handia egingo liokeela, "areto horietara milaka pertsona joaten baitira zinemaz pantaila handian gozatzera".
Azaldu dutenez, Getxo Zinemak-ek bideragarritasun ekonomikoa bete du urteotan guztiotan, "baita pandemiaren urte gogorren ondoren ere". Gaur egun, gainera, hazten ari dela azpimarratu dute: "2023. urtean ikusle kopuruak eta diru-bilketak gora egin du".
Adierazpenaren sinatzaileek azpimarratu dute, halaber, aretoen itxierak kalte handia eragingo lukeela, ez bakarrik kulturan, baizik eta baita gizarte mailan ere, "gune horretan gizarte-harreman ugari eta lagun zein senide arteko topaketak gauzatzen baitira. Hori guztia galdu egingo litzateke berandu baino lehen erremediorik jartzen ez bada".
Horregatik guztiagatik, administrazio publikoei eta tartean dauden estamentu guztiei eskatu diete itxiera hori saihesteko, "pertsona asko zinemarik gabe geratu ez daitezen".