#0KM - Berton bertokoa

Ainhoa Calderon: "Aingara auzoko denda bat da, hurbiltasuna eskaintzea da gure helburua"

Iker Torre Navarro · Ander Zarraga 2023ko urr. 11a, 09:00

Bordatuak, euskal jantziak, eskuz egindako apaingarriak eta pertsonalizatutako opariak dira, besteak beste, Aingara dendak eskaintzen dituenak. Hala ere, Ainhoa Calderon dendaren sortzaileak azpimarratu du etengabe ari direla berritzen eta gauza berriak eskaintzen, "adibidez, orain, erleen zera naturalagaz egindako kandelak egiten eta saltzen hasi gara".

Aingara egia bihurtutako ametsa dela kontatu du Calderonek: "Hasieran, amets bat besterik ez zen; Portugaleten bizi izan nintzenean antzeko denda bat zegoen eta horrelako bat eduki gura nuen nik. Azkenean, animatu nintzen, eta, zazpi urte beranduago, hemen jarraitzen dugu".

Dioenez, denda zabaldu aurretik bitxitegi batean egiten zuen lan eta ez zeukan bordatuen eta halakoen inguruko ezagutzarik, baina gutxika ikasten joan da, eta, gaur gaurkoz, Getxon euskal jantziak eskaintzen dituen denda bakarra da berea. 

Aingaran espezializatuta daude bordatuak egiten: umeen arropak, eskolako amantalak, zapiak, kamisetak... Baina beraien eskaintza zabalean euskal sortzaileek egindako bitxiak edo eskuz egindako apaingarriak ere dituzte, beste produktu askoren artean. 

Auzoko denda

Getxoztarrak azpimarratu duenez, "Guztiaren gainetik, Aingara auzoko denda bat da, hurbiltasuna eskaintzea da gure helburua. Badakizu Itzulbatzeta/Romokoak nahiko auzotarrak galera". Duela gutxi denda kokalekuz aldatu zuen, eta, orain, Santa Eugenia plazaren ondoan dauka, auzoaren erdigunean. Aldaketagaz ikusgarritasun asko irabazi duela baieztatu duen arren, bezeroak betikoak izaten jarraitzen dutela dio, "hurbiltasun eta pertsonalizazio horren bila datozenak, hain zuzen".

"Guk denentzako denda izan gura dugu, horregatik etengabe ari gara gure eskaintza berritzen; adibidez, orain, erleen zera naturalagaz egindako kandelak egin eta saltzen hasi gara", azaldu du dendariak. Horren harira, Getxo Aktibatu Udalaren egitasmoari esker, urriaren 21ean Aingaran bertan Calderonek Eguzki-lorearen sinbologia azalduko du eta bere senarrak kandelak egiteko ikastaro bat eskainiko du.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun