Zurikaldai familiaren hastapenak txokolategi gisa izan ziren: "Martina de Zurikaldai txokolategi batekin hasi zen Aguirre familiarekin batera: Chobil, chocolates bilbainos marka zuten. Bere garaiarentzako oso aurreratua zenez, Ameriketatik txokolateak ekartzen hasi zen. Hala ere, berak gozotegi bat sortu nahi zuen, baita urdaitegi bat ere", azaldu digu Garatek. 14 seme-alaba izan zituen, eta horietako bat hil egin zen. Orduan, bere semearen alarguna zen Concha Abaitua eta Martina de Zurikaldaik Bilbon lehenengo gozotegia sortzea erabaki zuten 1896. urtean.
Ordutik, familia-negozioa "guztiz" aldatu dela aitortu digu Garatek: "Lehen, jaunartze eta ezkontzetan beti zegoazen pastelak, eta igandetan horiek erostea eta jatea ere guztiz normala zen. Egun, familiak txikiagoak izaten dira eta kontsumo-ohiturak aldatu dira. Hala ere, egia da Sopela bezalako herri txikietan oraindik tradizioa dagoela pastelak auzokoei eta lagunei eramateko".
Pastelgilearen esanetan, euren pastelak egiterako momentuan funtsekoena da "kalitatezko osagaiak" erabiltzea. Hala, euren errezeta tradizionalakaz jarraitzen dute, betiere gauza batzuk "egungo garaietara" moldatuz: "Urte asko egon gara gauzak ondo egiten eta horrela jarraitzen ahalegintzen gara. Azkenean, Negurin nahiko tradizionalak dira familiak eta nahi dutena da txikitatik jan dituzten pastelak aurkitu".