Helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia pizteko asmoa duen dinamika honen aurkezpena egin zuten eguenean, hilaren 19an, Areetako Getxo Elkartegian. Bertan, Jon Plazaolak eta Itxaso Paya aktoreek egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten, askotariko artista gonbidatuakaz batera, hala nola Goazen! telesaileko Iholdi eta Ibabe Beristain aktoreakaz eta reggetoi-musika euskaraz egiten duen Txekoslobako getxoztarragaz. Ekitaldian, besteak beste, esketxak, musika eta familia-argazkiak ateratzeko eta oroigarri gisa eramateko fotomatoia egon ziren.
Aurkezpen-ekitaldiak utzitako irudiak
Dinamikak urriaren 29ra arte iraungo du eta, tartean, familia osoarentzako doako ekitaldi bat izango da gaur, astelehenean, Getxo Elkartegian, 17:30ean. "Pantailak euskaraz" izango da gurasoentzako solasaldiaren gaia eta interpretazio zerbitzua egongo da Telegram aplikazioaren bidez. Seme-alabek streaming plataformetan eta Interneten dauden edukiak eta bideo-jolasetan euskaraz aritzeko aukera izango dute. Izena aldez aurretik eman beharko da, hemen.
Gurasoak ahalduntzeko tailerrak
Azkenik, gurasoak ahalduntzeko tailerrak ere izango dira. Lehenengoa, guraso euskaldunak ahalduntzeko hizkuntza-ohiturak euskarara aldatze aldera, kezkak elkar banatzen eta egoera desberdinen aurrean estrategia eta baliabideez hornitzekoa izango da. Ordu eta erdiko tailer parte-hartzaile eta dinamikoa izango da, eta bertan Belarriprest eta Ahobizi figurak izateko tresnak eskainiko dituzte, gaiagaz kezkatutako helduentzat, aita-ama kuadrillentzat eta gurasoen elkartekoentzat.
Beste tailerra, "Yo no sé euskara pero Egun on" titulupean, euskara ez dakiten baina seme-alabei irakaskuntzan euskaragaz arrakasta izateko lagundu nahi duten gurasoentzat izango da. Horretarako aholkuak eta tresnak eskainiko dizkiete. Bi doako tailerretarako izen-ematea, hemen.