Aurten, lehen aldiz, deialdia hiru modalitatetan antolatuko da. Lehenengoa sektoreko profesionalei zuzenduta dago, pertsona juridiko zein fisikoei. Bigarrena, irabazi-asmorik gabeko kultura elkarteentzat eta pertsona fisikoentzat izango da, eta, azkenik, hirugarren kategoria, udal-erregistroan inskribatutako irabazi-asmorik gabeko kultura elkarteentzat izango da.
Hiru modalitateetan, getxoztarrek idatzi, diseinatu edo banatutako obra edo proiektu aurkeztu beharko dira, baita getxoztarrek partaide edota kolaboratzaile dituztenak ere. Deialdia antzerki edo koreografia proposamenetara, zinema emanaldietara, musika emanaldietara, bertsolaritzara, haurrentzako obretara, umorezko ikuskizunetara, errezitaldietara edo antzekoetara irekita dago. Hiru egun baino gehiago irauten ez duten lehiaketa, ziklo edo jardunaldien proposamenak ere onartuko dituztela jakinarazi du Udalak.
Kultur Etxeko teknikariak arduratuko dira modalitate guztietako proposamenak hautatzeaz, irizpide horien arabera, besteak beste: udalerriarekiko lotura, udalerriaren kalitatea eta interesa, tokiko kultur eragileen arteko lankidetza, euskararen presentzia eta erabilera eta genero-ikuspegia txertatzea. Guztira, 26 proiektu aukeratuko dituzte, eta Muxikebarri Antzokiko aretoetan, Romo Kultur Etxeko ekitaldi-aretoan edo aire zabaleko eremu publikoetan erakusteko diseinatuta egongo dira. Ohikoa denez, Kultur Etxearen kanalen bidez jakinaraziko dute noiz antzeztuko diren, behin zehaztuta daudenean.
Guztira, 120.000 euro bideratuko dituzte ekimen honetarako. Aurrekontu horretatik, 80.000 eta 40.000 euro, hurrenez hurren, partaidetzako lehenengo bi modalitateetara bideratuko dituzte. Hirugarren modalitatearen kasuan, Kultur Etxeak ez du diru-zuzkidurarik bideratuko; aitzitik, bere gain hartuko ditu erakustaldiari dagozkion kostuak, deialdiaren oinarrietan zehaztutakoak.
Proposamenak aurkeztea
Getxo Eszena Irekiari buruzko dokumentazioa daborduko eskura dago www.getxo.eus/kulturadeialdiak webgunean eta proposamenak era telematikoan aurkeztu ahal izango dira (Getxoko Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez) pertsona juridikoen kasuan, eta modu presentzialean pertsona fisikoen kasuan.