Zapatuan, hilaren 28an, datorren azaroaren 30ean Hego Euskal Herrian izango den greba orokorraren berri emateko agerraldia egin zuten dozenaka lagunek Algortan. Bertan, aldarrikatu zuten zaintza dela bizimodu duinak eraikitzeko oinarria, baina deitoratu zuten hori kontuan hartzen ez duen sistema batean bizi garela, eta horrek baldintzatzen dituela denon bizitzak "uneoro".
Horren aurrean, grebarako deitzaileek zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin dute, "hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde borrokatu nahi dugu", azaldu zuten agerraldian.
Ildo horretan, proposatzen duten eraldaketa erradikala izango dela azpimarratu zuten, "funtsezkoa izango da aldaketa sakonak eragitea gure subjektibotasunean, pedagogia feministatik abiatuta, genero-sozializazioa eta lanaren banaketa sexuala eta arrazista apurtzeko, eta konpromisoak eta
behar eta eskubide kolektibo gisa hartutako zainketekiko erantzukizunak barne hartzeko, hasieratik amaieraraino".
Gaineratu zuten zaintza lanak, gainera, ez direla emakumeon kontu bat, "ezta familian konpondu beharreko zerbait ere, eta, horrenbestez, zaintzea ezin da emakumeon betebehar bat izan". Zaintza-lanak kolektibizatu egin behar direla proposatu zuten eta, oro har, zaintzaren inguruko ikuspegia eraldatu behar dela. Hala ere, administrazioek estali gabe uzten dutena komunitateak ez duela bete behar azpimarratu zuten.
Hori guztia aldarrikatu eta azaleratzeko, greba eguna deitu dute azaroaren 30erako, eta iragarri zuten mobilizazio hori inflexio-puntu bat izango dela borroka horretan, "garrantzia berezia emanez honen antolakuntzari, aktibazioari, politizazioari, sortzen diren harreman eta interpelazioei, prozesuaren osotasunari". Izan ere, nabarmendu zuten greba eguna bera ez dela helburua izango, "honen aurretik eta ondoren egingo dugun lana baizik".
Kontuak horrela, mobilizazioak antolatzeko greba komite mistoetan parte hartzeko deia egin zieten gizon-emakumeei, baita lanuztearen harira egingo dituzten askotariko ekimenetan ere.