Hainbat zuhaitz moztu eta inausiko dituzte egunotan Getxon, gaixo edo egoera txarrean daudelakoan

Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 11:46

Inausketa-lanak, Getxon. © GETXOKO UDALA

Getxoko zuhaitz-ale batzuk mozten eta inausten ari da Udala, "gaixorik edo egoera txarrean daudelako". Hala jakinarazi dute udal-iturriek, esanez lorezaintzako udal-zerbitzuak egindako txosten teknikoak hala gomendatzen zuela, oro har, pertsonei eta ondasunei kalteak eragiteko arriskua saiheste aldera.

Daborduko Areetako Maximo Aguirre kalean dagoen ezkia moztu dute, Tomas Olabarri Kaiko 6 zenbakiaren parean zegoena, "haren egitura-egoera txarra zen-eta". Azaldu dutenez, ale horrek hainbat haustura izan ditu tamaina handiko adarretan, eta behin ibilgailu bati kalte materialak eragin zizkion. Egindako txostenetako batean aipatzen denez, zuhaitzaren barne-usteldurak adar batzuei eragiten zien, eta adar horiek erortzea ere eragin zezakeen; beraz, moztu beharra zegoen arriskuak ekiditeko.

Era berean, Neguriko Miramar kaleko 12 eta 14 zenbakien ondoko galtzadan lerrokatuta dauden bost platano ale moztuko dituztela iragarri du Udalak, apaindura-baliorik gabekoak. "Ale horiek eragotzi egiten dute larrialdietako ibilgailuak kale bertara sartzea, eta, gainera, alboko eraikinetako fatxadaraino iristen dira", dio Udalak.

Horiei beste mozketa bat gehituko zaie Bostgarrena kaleko mimosa bat eta Gaztelumendi kaleko Prunus Pisardi bat hautsi baitira, azken ekaitzek eragindako kalteen ondorioz.

Bestalde, inausketa jarduera bat egingo dute Algortako Arene, Areneazpi eta Villamonte kaleetako Callistemon aleen kopa murrizteko. "Zuhaitz horiek gaur egun loretan egon arren, beharrezkoa da inaustea, liztor asiar ugari daudelako loreen nektarra bilatzen", iturrien arabera. Gainera, callistemon koparen tamaina murriztu egingo dute, "inguruko etxeen fatxadak inbaditzen dituelako".

Era berean, Gabonetako argiak hobeto muntatu ahal izateko, Nagusia, Las Mercedes, Amezti, Andres Larrazabal eta Paulino Mendibil kaleetako eta Angel etorbideko (Bidezabal eta Jata artean) zuhaitzak inausiko dituzte.

Getxoko udalerriko kale, bide eta lorategietan dagoen zuhaizti publikoa moztu eta inausteari dagokionez, lorezaintzako profesionalek eta adituek ezarritako irizpideak aplikatzen direla nabarmendu du Udalak, eta hainbat faktore hartzen direla kontuan: "pertsonentzat edo gauzentzat aipatutako arriskuaz gain, zuhaitzaren espeziea eta adina, horren osasun-egoera, kokapena eta populazioaren, oinezkoen, etxebizitzen eta trafikoaren gaineko interferentziak". Zuhaitz bat, bere egoera dela eta, berreskuratu ezin dela, erori egin dela edo herritarrentzat arriskutsua dela erabakitzen denean bakarrik mozten dutela azpimarratu du Udalak. Hartara, zuhaitzak arriskurik ez badu, "inaustea gomendatzen da beti".

Haizeak eragindako kalteak

Bestalde, urriko egun batzuetan izandako haize-bolada bortitzen ondorioz, zenbait zuhaitz eta adar ugari ere apurtu dira udalerriko hainbat lekutan, hala nola Santa Anan, Zugatzarten, Areetako Xake plazan, Algortan, Negurin eta Andra Marin, besteak beste.

Zuhaitz horien hausturaren ondorioz, Santa Ana auzoan bi ibilgailu eta Avanzadako jabetza pribatu bat kaltetu ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun