Gaur goizean aurkeztu dute Bilboko BBK Salan 31. Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. Astelehenean, azaroaren 6an, izango da lehenengo kanporaketa Markina-Xemeinen, eta azaroaren 29an jokatuko dute finala Bilbon. Aurkezpenean egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduraduna, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko koordinatzailea eta Ander Elortegi bertsolaria.
Aurreko edizioetan bezala, txapelketa taldeka jokatuko da, bi multzotan banatuta eta hiruzpalau bertsolari arituko dira talde bakoitzean. Batetik, A mailan 18 urtera arteko hiru bertsolari arituko dira, eta, bestetik, B mailan 19 urtetik 26 urtera arte beste hiru bertsolari arituko dira.
Sariketa horren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da; hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen dute epaileek eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera. Aurtengo edizioa ere horrela izango dela azaldu dute antolatzaileek, baina berrikuntza nagusia taldeen osaketan egongo da. Orain arte, taldeak beti egon izan dira Bizkaiko eskualdeetan oinarrituta, eta aurten ere horrela izango da, baina eskualdeek bere horretan baino horietako bertsolarien harreman naturalek osatuko dituzte taldeak.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere hiruzpalau bertsolariko hamabost taldek parte hartuko dute, horien artean Uribe Kostakoak, beraz, 50 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Jokatuko diren lau kanporaketan talde irabazleak finalaurrekoetarako sailkatuko da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera joango da.
Saioak eskoletan
Saio guztiak eskola-ordutegian egingo dituzte, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izango dira. Dena den, saioak irekiak izango dira, eta gura duena hurreratu daitekeela argi utzi dute antolatzaileek. Era berean, bereziki azaroaren 29an BBK Sana egingo den finalera joateko deia egin diete bertsozaleei.
Lehiaketaren helburua talde izaera eta elkarren arteko harremanak indartzea dela ere azpimarratu dute aurkezpenean. Halaber, finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da. Horrez gain, finalaren egunean, parte hartzaile bakoitzari ere oparitxoa emango diote, gainera, iazko moduan, kantakera onenaren saria ere egongo da.