IgeriBizik 24 orduz euskaraz beteko du Fadurako igerilekua, abenduaren 2an eta 3an

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 3a, 12:37

Swim Camp Getxo igeriketa elkarteak 24 orduz euskaltzalez beteko du Algortako Fadurako igerilekua euskararen alde. IgeriBizi egitasmo sozialaren pean, Euskararen Nazioarteko Egunari begirako ekimen hori antolatu du abenduaren 2-3rako, eta ekitaldian jasotako diru guztia EuskarAbentura elkarteari bideratuko diote, "egiten duten lan bikaina urte luzez egiten jarrai dezaten", antolatzaileen berbetan.

Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, abenduaren 2an eta 3an egingo du IgeriBizik bere estreineko ekitaldia: "24 orduz igerian, euskararen alde". Zapatu eguerdia hasita, eta domeka eguerdian amaituta, txandaka eta parte-hartzaile bakoitzak gura duen distantzia eta erritmoan eginda, 24 orduz beteko dute Fadurako igerilekua euskaltzalez. Antolatzaileek iragarri dutenez, gainera, adin guztietarako jarduerak egongo dira igerilekuan eta inguruko aretoetan.

IgeriBizi egitasmo sozialaren helburua da Getxo eta inguruko bizi-kalitatea hobetzen duten elkarteak omentzea, hala nola inklusibitatearen alde dihardutenak, ekologismoa dutenak ardatz eta euskalgintzakoak. Aurten, azken ildo horretan lan egiten duen EuskarAbentura elkartearentzat izango da ekitaldiaren parte hartzetik jasotako dirua. Izan ere, nabarmendu dutenez, horrek euskararen erabilera sustatzen du gazteen artean, Euskal Herriko ondare kultural eta naturala ezagutzera ematen du eta parekidetasuna, osasuna eta ekologismoa bezalako baloreak zabaltzen saiatzen da.

Abenduaren hasierako ekitalditik dirua ateratzeko, Swim Camp Getxo elkarteko lagunek hainbat sistema prestatu ditu. Alde batetik, igerilekuko kale bat enpresa, elkarte eta taldeentzat izango da, eta beste bat familia, kuadrilla eta norbanakoentzat; behar izatekotan, gainera, beste kale bat erreserbatuta egongo da. Lehenengoen kasuan, 50 euroren truke, ordubete erabili ahal izango dute kalea, eta denbora tarte horretan, erreleboka eta gura duten erritmoan, bertan igerian jardun beharko dute parte-hartzaileek. Gura beste kidek parte hartu ahal izango dute eta, laguntzarik behar izatekotan, Swim Camp Getxoko igerilariek txandakaz lagunduko dute.

Kuadrillen eta lagunen kasuan, norbanako bakoitzak 5 euroko donazioa egin beharko du, eta gura beste denbora aritu ahal izango da igerian. Familiek, aldiz, 10 euroko donazioa eginda, familia nuklear osoagaz parte hartzeko aukera izango dute.

Antolatzaileek gogoratu dute haur txikiak ere aritu daitezkeela egitasmoan, guraso edo zaintzaileakaz batera, tituludun sorosleak, Swim Camp Getxoko igerilariak eta IgeriBiziko antolatzaileak izango baitira bertan, segurtasuna, errespetua eta denen ongizatea ziurtatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun