Bost egunez, bisitariek hainbat gaitako liburuak erosteko aukera izango dute Romo Kultur Etxean. Salgai jarriko diren liburuak partikularrek liburutegiei emandakoak dira nagusiki. Guztira, 10.000 liburu baino gehiago egongo dira salgai.
Salmenta prezioak sinbolikoak izango dira: liburuek, euro bana balioko dute; aldizkariek eta koadernotxoek, euro bat hiru aleko, eta entziklopediek, ale kopuruaren arabera. Halaber, domekan deskontuak egongo dira liburu-sortak erosterakoan.
Oraingo honetan, bildutako dirua Tourseko San Martin Misio Talde Elkartera emango zaio, ezkur-aitzurrak erosteko. Tresna hori ezinbestekoa da Kansenya bailarako herritarrentzat, nekazaritza-lanak egiteaz gain, pistak konpontzeko eta adobezko adreiluak egiteko ere balio duelako. Eraikinak egin eta mantentzeko oinarrizko materialak dira horiek. Bestalde, merkatuan saltzen ez diren liburuak Martuteneko espetxeko liburutegira bidaliko direla jakinaraziko dute arduradunek.
Azokaren ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; domekan, hilak 12, goizez irekiko da soilik.