Joan den martitzenetik, urriaren 31tik, domekara bitartean, Getxoko Udaltzaingoa eta tokiko Lorezaintza eta Garbiketa zerbitzuko beharginak lanean aritu dira etengabe zuhaitzak erortzeko arriskua zuten gunean zigilatzeko, zintzilik zeuden adarrak kentzeko eta kaleak garbitzeko, besteak beste. Eroritako zuhaitzak kentzeko lanek datozen egunetan jarraituko dute.
Guztira, 50 hamar zuhaitz inguru erori eta beste hainbeste kaltetu dira Getxon, kalte handiak eraginez lau ibilgailutan; tamaina desberdineko adar ugari hautsi dira; fatxadetako eta eraikinetako elementuetan kalteak izan dira, oro har, oso txikiak, eta Getxo Kirolak-en instalazioetan ere kalteak izan dira. Udal kirol erakundea lanean ari da daborduko Gobela kiroldegiko igerilekuko babes-xaflak, hockey zelaiko babes sarea (iparraldeko ate inguruan dagoena) eta errugbi partiden emankizun dorrea ahalik eta lasterren berritzeko.
Bizkaiko beste lurralde askotan bezala, zuhaitzen erorketak eragin ditu Udaltzaingoaren eta Lorezaintza Zerbitzuaren esku-hartze gehienak; ondoren, fatxadetako eta eraikinetako hainbat elementuri eragin die (20 jarduketa izan dira), eta Bizkaiko suhiltzaileakaz koordinatuta lan egin da, behar zuten kasuetan.
Horrez gainera, egunotan itxita egon den Ereagako igogailua normaltasunez dabilela jakinarazi du Getxoko Udalak.