Getxoko Udalak 28 langabe kontratatuko ditu 6 hilabeterako

Erredakzioa 2023ko aza. 13a, 13:09

Getxoko Udalak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 503.266 euroko diru-laguntza jaso du, enplegua sustatzeko tokiko Ekintzetarako Laguntzen 2023ko deialdiaren barruan. Diru-laguntza hori bideratuko da, alde batetik, enplegua sustatzeko jardueretara, Lanbiden izena emanda dauden 28 langabe getxoztar kontratatuz (349.618 euro), eta, bestetik, Getxoko enpresentzako laguntzetara (167.433 euro), kontratazioak egin ditzaten.

Juanma Gonzalez Ekonomia Sustapeneko zinegotziak azaldu duenez, “enplegua sustatzera bideratutako diru-laguntza hori langabeei aldi baterako lan-esperientzia bat eskaintzen saiatzen da, haien kualifikazioa edota gaitasun pertsonalak eta motibazio fisikoa indartzeko”. Guztira, 28 getxoztar kontratatuko dituzte 24 udal-proiektutan lan egiteko.

Eskatutako profilak honako hauek dira: 18 administrari, web eta multimedia analista-programatzaile bat, sare informatikoen instalatzaile eta mantentzaile bat, erdi-mailako 5 teknikari (enpresako 2 aholkulari, giza baliabideen kudeaketako erdi-mailako 2 teknikari eta gizarte-hezitzaile bat) eta 3 langile (eraikinen mantentzaile bat, obra publikoko peoi bat eta pintore bat). Kontratu guztiek 6 hilabeteko iraupena izango dute.

Azaroaren 22an hasiko dira eskaintzak kudeatzen. Ezinbesteko baldintzak honako hauek izango dira: langabeak izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea; lanposturako eskatzen den titulazioa edo gutxieneko prestakuntza izatea, eskatutako okupazioan inskribatuta egotea eta Getxoko udalerrian erroldatuta egotea. Baldintza horiez gain, proiektuaren eta garatu beharreko zereginen arabera, euskara titulazioa eta ofimatika ere kontuan hartuko direla jakinarazi dute arduradunek.

Enpresentzako laguntzak kontrataziorako

Bestalde, kontrataziorako laguntzen beste deialdi bat argitaratzea ere aurreikusita dago. Deialdi horretara 153.647 euro bideratuko ditu Udalak. Diru-laguntza horiek Getxon erroldatuta dauden eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak kontratatu dituzten bertako enpresentzat dira. Kontratu horiek 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean hasitakoak izan beharko dute, eta mugagabeak eta lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan beharko dute, gutxienez lanaldiaren % 50agaz. Aurten, artisten eta jendaurreko ikuskizunetako teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuak ere diruz lagunduko dira (gutxienez 3 hilabeteko iraupena izango dute, eta lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke, lanaldiaren %50agaz gutxienez).

Eskabideak deialdi hau BAOn argitaratu ondoren aurkeztu ahal izango dira; azaroaren amaierarako edo abenduaren hasierarako aurreikusten dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun