Inoizko aurrekonturik handiena proposatu du Getxoko gobernu-taldeak, 129,4 milioi eurokoa

Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 11:24

Proiektuen artean, besteak beste, ibilgailuentzako aparkaleku berri bat egitea aurreikusi dute Areeta/Romo ingururako.

Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) 2024rako udal aurrekontu proiektuaren dokumentazio osoa eman die udal talde politikoei. Aurreko urtearen aldean, % 7,52 igo da aurrekontua, 129.410.634 eurora iritsita. Hori da orain arte Getxoko Udalak izan duen kopururik handiena. Taldeen arteko negoziazioa hasiko da eguenean, eta bozketa abenduaren 22an egingo dute. Besteak beste, aparkaleku publiko bat eta hiriko udal-autobusa ezartzea aurreikusten du proposamenak.

Datorren urteko udal aurrekontu orokorraren tramitazioari hasiera emateko ezohiko antolaketa eta kontu batzordea deitu zuen Getxoko Udalak atzo, astelehenean. Batzordea etzi, eguenean, egingo dute eta, hortik aurrera, egiteko epea hasiko da. Azkenik, Udalbatzak aurrekontu proiektua eztabaidatu eta bozkatu beharko du abenduaren 22an egingo den osoko bilkura berezian.

Udal tasak eta zergak ez dira aldatu 2023tik. “Hala ere, ekonomiaren eta herritarren dinamismoak erraztu egiten du, tasei eta zergei eutsita, diru-sarreren aurreikuspenak gora egitea”, udal-gobernutik adierazi dutenez. Aurreikusitako hazkunderik handiena Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko udalen izenean egiten duen diru-bilketa, Udalkutxa udal-finantzaketarako fondoa, hobetzetik dator, 60.418.340 eurokoa baita, eta udal-sarrera guztien % 46,7 hartzen baitu. “Halaber, herritarrek gehiago erabiltzeagatik eta gehiago gozatzeagatik diru-sarrerak handitzea aurreikusten da (azken ekitaldietan ikusten den joerari jarraiki), kirolarekin, kultura fisikoarekin eta abarrekin lotuta”, gobernuaren arabera. Aitzitik, zuzeneko zergak, hala nola OHZ edo ibilgailuena, ia ez dira aldatuko 2023koari dagokionez, eta 25.771.557 eurotan mantentzen dira (% 0,9ko aldakuntza).

Udal-gastuko partidei dagokienez, portzentajezko hazkunderik handiena inbertsioetan izan da, % 13,33 igo baitira eta 12.054.000 eurora iritsi baitira. Aurrekontu-proiektuak, gainera, 1.500.000 euroko partida bat jasotzen du, helburu jakinik gabea, eta tarte gehigarri bat emango du "oposizioko alderdiekiko negoziazioa eta akordioak errazteko", udal-iturriek zehaztu dutenez. Joan den hilean bilera-sorta bat hasi zuten, eta aurrekontuaren zirriborroaren jarduera-ildo nagusiak jakinarazi zitzaizkien udaleko talde politikoei.

Aurreikusitako hainbat ekintza

Aurtengo irailean herritarrei entzuteko prozesu bat egin zuen Udalak, Ikerfel enpresak telefono bidez egindako 500 inkestaren bitartez, getxoztarrek Udalaren ekintzari dagokionez zituzten lehentasunak zehazteko. Horren ondorioz, udal-gobernuak oposizioagaz partekatu duen proiektuak herritarrek adierazitakoari erantzun gura dioten ekintzak biltzen ditu, besteak beste:

  • Aparkatzeko aukerak hobetzea, aparkaleku publiko berri bat eraikiz, batez ere Areeta-Romo inguruan. Hori lortzeko, hainbat aukera tekniko aztertzen ari dira. "Helburua da oposizioarekin ahalik eta aukerarik onena zehaztea eta adostea, 2024an gauzatzen hasteko", azaldu dute udal-arduradunek.
  • Hiriko udal-autobus zerbitzua ezartzeko proba pilotua zehaztea, oposizioagaz negoziatu ondoren.
  • Udalerriko garbiketa eta hondakinen bilketa hobetzea. Aurrekontuak aurreikusten du 2024an kontratu berria esleitzea, bi zerbitzuak hobetu eta indartzeko, eta, horrez gain, Getxon sortzen diren hondakinen bereizketaren eta tratamendu espezializatuaren emaitzak hobetzea lortzeko. Zehazki, bideak garbitzeko zerbitzua 6,5 milioi eurokoa izango da urtean, eta % 5 handituko da.
  • Portzentajezko hazkunderik handiena jasoko duen udal-arloa Etxebizitza izan da: 2,2 milioi euroko inbertsioa izango du, eta Getxoko gazteen emantzipaziorako diru-laguntza berberak izango dira, hots, 250.000 euro.
  • Herritarren segurtasunari dagokionez, aurrekontuak aurreikusten du 2024an Udalak, gutxienez, % 5 (6 agente gehiago) handitu ahal izango duela  udaltzainen kopurua.
  • Herritarren arreta eta Udalaren hurbiltasuna hobetzeko eta udal izapideetan erraztasun handiagoa izateko ere, 2,93 milioi euroko inbertsioa egingo dute Eraldaketa Digitalean, 2024an hastekoa dena.
  • Halaber, udal-lokal eta -eraikinetan inbertsioak egitea aurreikusten dute, besteak beste:
    • Areetako Andres Isasi Musika Eskola egokitzeko obrak, entseguetarako eta herritarren erabilerarako: 799.650 euro.
    • Ludoteka berria Algortan, Pedro Felix de la Virgen kaleko udal lonjan: 381.000 euro.
    • Errekaganeko pabiloi berrien proiektua eta aurretiazko azterlanak idaztea, herritarrek erabil ditzaten: 50.000 euro.
    • Romoko Haur Eskola berriaren proiektua idaztea: 40.000 euro.
    • Fadurako, Gobelako eta Andra Mariko kirol-instalazioak eraldatzeko eta hobetzeko lanak. Horiek 2023-2027 legegintzaldi honetan zehar zehaztuko dira.

"Herritarrek proiektu batzuk lehenetsi ahal izango dituzte Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez, eta, ohi bezala, 1.000.000 euro bideratuko dira horietara", gogoratu dute udal-iturriek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun