#0KM - Berton bertokoa

Eider Azpiri: "Gurera datozen bezeroak kolorearen bila eta zerbait desberdina nahi dutelako datoz"

Aroa Sotelo Velasco · Ander Zarraga 2023ko aza. 15a, 09:00

Modu jasangarrian eta ekoizle txikiek edo artisauek egindako moda eta osagarriak eskaintzen ditu Algortako Irati dendak. Gainera, beren filosofia ez da eskaintzen dituzten produktuei bakarrik mugatzen, lantaldean duten energia positibo hori bezeroei ematen dieten arretan ere islatzen delako.

Irati arropa-dendak 25 urteko ibilbidea dauka, eta oraindik bere hasierako ideiari eusten diotela azaldu du Eider Azpiri ugazabak: "Gure bezeroak eta gu gustura egoteko leku bat sortu nahi genuen, modaren industriak ezarritako kolore eta formetatik kanpo egongo zena, saltoki estandarretan aurkitzen ez diren produktuak eskainiko zituena, hain zuzen". 

Horretarako, kontatu du artisauakaz eta moda jasangarria egiten duten askotariko ekoizleakaz egiten dutela lan. "Gure produktuen jatorria sortzaileen sormena eta maitasuna da, beraiengandik ateratzen diren diseinuak ditugu, eta hori da agian gehien bereizten gaituena", adierazi du dendariak. Hori dela eta, beraien dendan bakarrik aurkitu daitezkeen produktuak eskaintzen dituzte: jantziak, eraztunak, belarritakoak, motxilak eta poltsak, besteak beste.

"Gurera datozen bezeroak kolorearen bila eta zerbait desberdina nahi dutelako datoz, badakite moda estandar horretatik kanpo dagoen zerbait bilatzen ari direnean gurera etorri daitezkeela", azaldu du Azpirik. Horrez gain, bera eta bere lankide biak euskaldunak izatea eta arreta euskaraz ematea bezeroek baloratzen duten gehigarria ere dela azpimarratu du. Horrek guztiak dendan, bezeroen eta saltzaileen artean oso giro ona eta atsegina sortzen duela dio, bai erosleakaz baita lantadean ere. 

Dioenez, etorkizunera begira, dendan bertako ekoizleen produktu gehiago izatea gustatuko litzaioke. "Jasangarritasuna, errespetua eta gure filosofia jarraitzen duten inguruko sortzaileen produktu gehiago eskaini ahal izatea gustatuko litzaidake, baita hasiberriak direnenak ere", azaldu du. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun