Gehitu Kirola ekimena duela 15 urte jarri zuten martxan Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan euskara elkarteak, eta “oraingo erronka izango da egitasmoa berritzea, indartzea eta gehiago ezagutaraztea, kirolak ekarpen handia egin diezaiokeelako euskarari eta euskarak kirolean bide luzea egiteko”, zehaztu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak.
Oraingoan, 41 kirol elkartek sinatuko dute Gehitu Kirola egitasmoaren hiru hitzarmenetako bat. Horietatik 31k berrituko dute aurretik sinatutakoa eta 10 kirol elkarte berriak izango dira. Hitzarmen-modalitateak berriak izango dira egungo egoerara hobe moldatzeko; hala, taldeek hurrengoen artean aukeratuko dute:
- Euskarari BAI: taldeak euskara bermatuko du idazkietan, ekitaldietan… (18k sinatuko dute).
- Euskararen BIDEAN: oinarrizko-taldeetako entrenamenduak euskaraz egingo dira. (18k sinatuko dute)
- Euskaraz BLAI: entrenamenduak euskaraz izango dira. (5ek sinatuko dute)
Hitzarmena sinatzen dutenek konpromisoa hartuko dute hori betetzeko eta, hala, horren jarraipena egingo da.
Entrenatzaile eta langileen bi herenak, euskaldunak
Gaur egun, Getxoko kirol elkarteetako entrenatzaile eta langileen bi heren ahoz ondo moldatzen dira euskaraz, eta entrenamenduen erdia baino gehiago euskaraz edo hizkuntza bietan egiten da, kirol taldeei bidalitako galdetegiaren datuek agerian utzi dutenez. Arduradunek azaldu dutenez, ikerketa egiteko galdetegia 75 elkarteri (udalerriko guztiei) bidali zitzaien eta horietatik % 35ek erantzun du.
41 kirol klubek sinatuko dute Gehitu Kirola egitasmoaren hitzarmenetako bat azaroaren 22an Faduran ospatuko den ekitaldian. 31k berritu egingo dute eta 10 elkarte berri atxikituko dira. ๐https://t.co/qQ69R5HXcw #Getxo #GetxoBiziEzazu @GetxoKirolak @Bizarralepoan pic.twitter.com/925IcWy8VX
— Getxoko Udala (@GetxoUdala) November 14, 2023
Une honetan, Udalak kirol elkarteei euren jarduna euskaraz egitera laguntzeko itzulpen zerbitzua, aurkezpen eta interpretazio zerbitzua, kirol formazioa eta materiala entrenatzaileentzat eta diru-laguntzak eskaintzen dizkie. Bestalde, Bizarra Lepoan elkarteak aholkularitza zerbitzua eskaintzen die, 667 540 241 telefono zenbakiaren bitartez edo gehitueuskara@getxo.eus emailaren bidez.