Argiak pizteko ekitaldi ofiziala 18:30ean hasiko da, eta bertan egongo dira Aspertxu Elkartea (Asperger nahasmendua eta AEN duten pertsonen elkartea), Amaia Aguirre alkatea, udal ordezkari politikoak eta udalerriko merkatari eta ostalaritza elkarteetako ordezkariak, besteak beste.
Gabonetako argiztapenerako, Udalak 284.913 euro bideratuko ditu, BEZ barne, eta, eskura dituen baliabideak kontuan hartuz, komunitate-erabilerako udal-eremuak hobetu gura ditu, hala nola udalerrirako sarrerak, plazak, parkeak, udal eraikinetako fatxadak, kiroldegiak, baita udalerriko auzoetan jarduera ekonomiko gehien duten guneak eta zentroak ere, "betiere helburu argi bat izanik: instalazio homogeneoa egitea, ordenatua, segurua eta indarrean dagoen araudiarekin bat datorrena".
Aurreko urteetako argiez gain, aurten Olentzero eta Maridomingiren irudiak jarriko dituzte Algortako Telletxe plazan.
Iaz bezala, energia aurrezteko ezarritako jarraibideak kontuan hartuz, argiztapenaren denbora murriztuko da, hau da, argiak piztuta egongo diren ordutegi osoaren % 25. Ordutegia, beraz, honako hau izango da: domekatik eguaztenera, 18:00etatik 23:00etara; eguenetik zapatura, 18:00etatik 24:00etara; eta abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean 18:00etatik 02:00etara.