Askotariko jarduerak hartuko ditu Getxotik Mundura Mundutik Getxora ekimenak egunotan

Erredakzioa 2023ko aza. 22a, 12:49

Aurreko edizio bateko azoka, artxiboko irudian.

Erronka berriak planteatzea eta GGKEek garapen iraunkorreko helburuak lortzen laguntzeko egiten duten lana herritarrei hurbiltzea dira Getxotik Mundura Mundutik Getxora ekimen solidarioaren helburuak. Getxoko Udalak bultzatzen du ekimen hori, hainbat erakunderen laguntzagaz, eta aurten 26. edizioa beteko du. Besteak beste, azoka azaroaren 26an, domekan izango da, baina askotariko jarduerak egongo dira abenduaren 20ra arte.

Urtero bezala, programak askotariko jarduerak aurreikusten ditu, besteak beste: Bidezko Merkataritzako Kafea eta Kakaoa, udalerriko 40 bat taberna eta jatetxetan, azaroaren 26ra arte; "Sunu Buga Buga 12 urte geroago" hitzaldia, Villamonteko kultur etxean, azaroaren 28an, 19:30ean; 28 urte Kanseniarekin izeneko erakusketa, Tourseko San Martin elizan, abenduaren 5etik 20ra, eta "Errealitateak eta LGTBIQ+ pertsonen beharrak Ruandan" hitzaldia, abenduaren 14an, 18:00etan, Getxo Elkartegian. Abenduaren 11tik 17ra,  Tourseko San Martin elizan urteroko merkatu solidarioa bisitatu ahal izango da.

Ohiko GGKE-Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Azoka datorren domekan, azaroak 26, ospatuko da Muxikebarri Antzokian. Egun osoan zehar, herritarrek, erakundeen lana standetan ezagutzeaz gain, orri-markako, henna- edo te-tailerretan, Guatemalako ehungailuetan edo txotxongilo maietan parte hartu ahal izango dute, sentsibilizazio-jokoetan aritzeagaz batera. Gainera, 13:00etan, Ana Lara Dantza Eskolaren dantza solidarioen hitzordua izango da, eta 19: 00etan, gospel kontzertua, Ugandako umezurztegi bategaz elkarlanean aritzen den Música para Salvar Vidas elkarteko Aba Taano taldeagaz. Kafea eta kakaoa kontsumitu dutenen arteko Bidezko Merkataritzako produktuen saskiaren zozketak amaiera emango dio jardunaldiari.

"Hiri gisa elkartasuna eta kultura-trukea sustatzeko dugun konpromisoaren lekuko bizia da. Getxotik munduari umiltasunez ekarpena egiteko eta beste leku batzuek eskaintzen dizkiguten esperientziak eskertzeko topaketa da. Giza loturen, kulturen eta partekatzen ditugun balioen bidez aberasten gara. Horregatik, Getxoko herritarrak familiako jardueretara joatera animatzen ditugu, adin guztientzako esperientzia aberasgarria delako", azpimarratu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun