Begoña Echeverriak, Josetxuren alabak, jaso zuen Marca komunikabideak ematen duen Zamora Saria, Jose Angel Iribar futbolari ohiaren eskuetatik. Iribar berak ere jaso zuen Zamora Saria 1970ean, eta sari-banaketan aitortu zuenez, berarentzat "ohore bat da horrelako ekitaldi batean parte hartzea". Halaber, Echevarriak bere aitaren saria jaso zuenean zera gogoratu zuen: "Garai hartan dena oso zaila zen. Jokatzen zutenek zaletasun handia zuten, baina laguntza gutxi. Bazkarira ere eraman behar izaten ziren partiduetara ".
Jose Maria Ecevarria Ayestaran algortarra SEU de Guecho taldean egon zen jokatzen talde zurigorrira joan aurretik. 1940an debutatu zuen Lehen Mailan Athleticegaz, gerraostean osatu zuten taldean. Sei denboraldi eta 87 partida jokatu zituen, eta guztira, bi Eskualdeko Txapelketa, Liga bat eta Errege Kopa bat irabazi zituen. Saria 1940-41 denboraldiagatik jaso du, orduan 18 partidetan 21 gol jaso baitzituen.
1942-43 denboraldian, Liga irabazi ostean, saihets-hezur bat hautsi zuen irailaren 6an jokatutako lagunarteko partida batean. Urrian itzuli zen taldera, baina laster utzi behar izan zuen futbola tuberkulosia antzeman baitzioten. Echevarria 1966an hil zen, 45 urtergaz, Lezako Erietxean.
Zamora Saria urtero Espainiako Futbol Ligako Lehen mailan gol gutxien jasotzen duen atezainari ematen diote 1958-1959 denboraldiaz geroztik. Izena 1920ko hamarkadan Espanyol taldean aritu zen Ricardo Zamora atezainaren omenez jarri zioten sariari.