Bolue eta Gobela futbol-zelaiak berritzeko 1,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Getxoko osoko bilkurak

Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 1a, 12:11

EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoakaz, atzo egindako osoko bilkuran, Bolue eta Gobelako belar artifizialeko futbol-zelaiak berritzeko 1,6 milioi euroko kreditu gehigarria onartu du Getxoko Udalbatzak. Osoko bilkura ohi baino laburragoa izan zen, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeko zinegotziek bat egin zutelako atzoko greba feminista orokorragaz.

Horrez gainera, udalbatzan egondako hiru taldeen aldeko botoakaz, 37.000 euroko beste kreditu gehigarri bat onartu zuten, Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteari hitzarmena zabaltzea finantzatzeko, "elkarte horren espazio-beharrei erantzuteko".

Bestalde, aho batez onartu zuten ere funtzionarioen, lan-kontratuko langileen eta Alkatetzako eta alderdietako aholkularien oinarrizko ordainsarien eta ordainsari osagarrien % 0,5eko igoera gehigarria 2023rako. Era berean, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta onartutako Adierazpen Instituzionalaren berri eman zuten.

Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeek deitoratu dute osoko bilkura greba feminista orokorraren egunean egin izana eta, besteak beste, nahiz eta horren berri eman, hitzordua dataz aldatzeko eskatu eta grebagaz bat egingo zutela adierazi, salatu dute gobernu-taldeak ez zuela egunez aldatzeko aukerarik eman.

TAO

Osoko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren berri eman zuten, TAO zerbitzua esleitzeko espedientearen eskaintzak baloratzeko puntura atzera eramateko. PPk adierazi zuenez, esleipen horren aurka agertu zen, eta deitoratu zuen TAOk enpresa aldatzea ekarriko duela; "beraz, kalte-ordaina eman beharko zaio galera ekonomikoengatik”. Gobernuak adierazi zuenez, “eskaintza ekonomikoan balio anormalengatik” baztertu zen enpresa, “eta KEAO (Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa) bat etorri zen horrekin, udalaren jardueraren aldeko ebazpena eman baitzuen. Orain, EAEAN ez dator bat horrekin. Beraz, desadostasun juridikoak daude KEAOren eta EAEANren artean”.

Mozioak

PPk bi mozio aurkeztu zituen. Lehenengoa, Algortako Sarrikobasoko lursailak erosteari buruzkoa, inguru horretan erortzeko zorian dauden eraikinen konponbide gisa. Gobernu Taldeak (EAJ eta PSE-EE) transakzionatu zuen mozioa, eta onartutako testuak honako hau adierazten du: “mozioaren xede den Sarrikobaso kaleko higiezinetako bat edo batzuk erostea erabakitzen bada, jabetza-eskubidearen eta hirigintza- eta etxebizitza-araudiaren ondoriozko administrazio-prozedurak betetzearen emaitza izango da”. Mozioak nabarmentzen du, halaber, “erositakoaren xedea HAPOren berrikuspenean finkatu dadila, Katea-Puerto Orduña jarduketa integratuaren interes orokorrak zehaztutako helburuekin bat etorriz, eta, nolanahi ere, ondoriozko babes publikoko etxebizitzen egokitasuna, berdegune egoki baten zuzkidura eta eremuaren irisgarritasun unibertsaleko arazoen konponbidea bermatu behar direla”.

PPren beste mozioa, “Muxikebarriko Laguna” txartela sortzeko, EAJren eta PSE-EEren abstentzioagaz onartu zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun