EAJk, PSEk eta PPk akordio politikoa itxi dute 2024ko aurrekontu orokorrak onartzeko

Erredakzioa 2023ko abe. 4a, 14:19

Akordioa sinatu dute PSE-EEk, EAJk eta PPk. © GETXOKO UDALA

Gobernu-taldea osatzen duten EAJk eta PSE-EEk eta PPk akordioa sinatu dute 2024rako udal-aurrekontu orokorraren onarpena errazteko. Horretarako, aurrekontuaren eztabaida eta bozketari buruz abenduaren 22an egingo den ezohiko osoko bilkuran, behin betiko proposamenaren bozketan, gobernuko alderdiek (EAJ eta PSE) baiezko botoa emango dute eta PP abstenitu egingo da. Hiru taldeek bozketara aurkeztuko diren osoko zuzenketen aurka bozkatuko dute.

Akordio hau sinatzen duten hiru taldeek PPk aurkeztuko dituen zuzenketa partzialen alde bozkatuko dute, "hasierako aurrekontu-proiektuan behar besteko aurrekontu-babesik ez duten eta akordio honetan jasotzen diren ekintza eta helburu itunduak aurrekontuz hornitzea proposatzen badute". Gainerako zuzenketak onarpen-izapidean zehar erretiratuko dira, bozkatu barik. Ildo horretan, EH Bilduk 40 zuzenketa partzial baino gehiago aurkeztuko ditu, eta Elkarrekin Podemosek, 26; talde horrek, gainera, osoko zuzenketa aurkeztuko du.

Aurkeztutako gainerako zuzenketa partzial horiei dagokienez, "hitzartutako helburu eta ekintza batzuk alda ditzaketenez, eta hasierako proiektuan jasotako gainerako ekintzak ere alda ditzaketenez," hiru taldeek batera aztertu beharko dituztela ohartarazi dute. Hirurek aldeko botoa emango dute edo abstenituko dira hiruen artean jarrera hori aho batez adosten bada bakarrik. Bestela, zuzenketa horien aurka bozkatuko dute.

Udala osatzen duten alderdi politiko guztiakaz negoziatu ondoren, EAJ eta PSE-EE akordio batera iritsi dira popularrakaz, "Getxoko herritarren alde lan egiteko konpromiso sendoa eta borondate komuna adierazten duena. Etxebizitzarekin, Areetako aparkaleku berriarekin, hiri-autobus baten proiektu pilotuarekin, Bidezabaleko arrapalen berrikuntzarekin, Algortako ludoteka berriarekin eta abarrekin lotutako proiektuetan oinarritzen da. Kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen ditu, tasak eta zergak handitu beharrik gabe", adierazi du Amai Agirre alkateak.

Carmen Diaz PSE-EEko bozeramaile eta bigarren alkateordeak, halaber, akordioak lortzearen garrantzia nabarmendu du, "herritarrentzako interes handiko proiektuak lehenetsiz, hala nola Las Mercedesen aparkaleku publiko bat eraikitzea, hiri-busa martxan jartzea, Sarrikobasoko gune degradatua konpontzea, adinekoen elkarteentzako gizarte-gune gehiago sortzea, Algortan ludoteka berri bat egitea, haur eta gazteentzako zentro bat hastea, eta segurtasuneko eta gizarte-zerbitzuetako langileen errefortzua".

Bestalde, PPren ustez, "akordio ona da Getxoko familientzat, zergak eta tasak ez igotzeaz gain, geldituta zeuden edo handitzen ari ziren arazoei irtenbidea ematen dielako, hala nola Areetako eta Algortako aparkaleku faltari, herritarren segurtasun ezaren igoerari edo Sarrikobasoko eraikinen egoerari".

Akordioaren edukia

Aurrekontu-proiektuak beste ekintza asko jasotzen baditu ere, hurrengoak hiru taldeen artean itundutakoak dira. "Horietakoren batek ez du aurrekontu-babesik behar une honetan, baina agian beharko du geroago", iragarri dute arduradunek. Hala, beharrezkoa izanez gero, hiru taldeek erraztasunak emateko konpromisoa hartu dute.

Udalaren diru-sarrerak:

  • Tasak eta zergak ez igotzea 2024rako.

Mugikortasuna eta irisgarritasuna:

  • Aparkaleku publiko berri bat eraikitzea Las Mercedes Kalean. Urte anitzeko obra da. Finantzaketa osoa hitzartu da, eta 2024an hasiko da.
  • Emakidadunarekin hitzartuta, Las Mercedeseko egungo aparkalekua berreskuratu ahal izatea.
  • San Nikolaseko aparkaleku publikoko plazak egoiliarrentzat aktibatzea.
  • Bidezabaleko arrapalak berritzea. Bi arrapala aldatzea sartzen da aurrekontuan.
  • Udaletxearen atzealdean, Foru kalean, aparkaleku bat egitea aztertzea.
  • Hiri-autobus baterako proba pilotua egitea, zerbitzua erregulartasunez ezarri aurretik.
  • Metroa Getxoko ibilbide osoan lurperatzeko eskatzea Garraio Partzuergoari.

Etxebizitza:

  • Sarrikobaso kalean, hiri-garapen eguneratua ez duen zatiari konponbidea bizkortzea; horretarako, Udalak erosteko proposamena egingo du eta Udaleko Etxebizitza Sailak sustatuko du.

Herritarrei eremuak lagatzea:

  • Ludoteka berria Algortan, zehazki Padre Félix de la Virgen kaleko udal-lonjan.
  • Haurtzaroan eta gaztaroan oinarritutako Errekaganerako proiektua aztertzea, bai aisialdirako aukerak hobetzeko, bai sustapen ekonomikoaren ikuspegitik dituen aukerak hobetzeko.
  • Ibar Nagusien eta Ajane elkarteentzako laguntzak hobetzea, ekintzak egiteko leku gehiago izan dezaten. Urte Alaiakegaz ere lan egingo da helburu berarekin.
  • Itsas Egur Haizea elkarteari lan-eremu bat lagatzea.
  • Txakurren aisialdirako ordutegia luzatzea udalerriko hondartzetan, bai neguan, bai hondartza-denboraldian.
  • Udalerriko irrati-komunikabide nagusiakaz lankidetzan aritzea, Getxon egiten diren jarduerak eta bizitza ezagutarazteko eta balioesteko egiten duten lana errazteko eta sendotzeko.

Udal-plantilla, zerbitzuen hobekuntza:

  • Udal plantilla handitzea honako plaza hauetan, arian-arian, araudiaren arabera:
    • 16 polizia: bigarren jarduerako 6 plazak betetzea eta 10 plaza berri gehitzea.
    • 2 plaza tekniko berri Gizarte Kohesioaren arloan: 1 gizarte-lanean eta 1 esku-hartze soziokomunitarioan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun