DokuMentala film laburren jaialdiaren lehiaketan parte hartu duten proposamenen helburua izan da gizartean gerta daitezkeen eta pertsonengan, kolektiboetan eta udalerrietan aldaketa positiboak eragiten dituzten laguntza-harremanak ikusaraztea. Guztira, 125 film-labur jaso dituzte edizio honetan, leku askotarikoak, tokikoak zein nazioartekoak.
Jasotako proposamenen kalitatea eta kantitatea azpimarratu dute antolatzaileek, "izan ere, askotariko gaiak jorratu dituzte". Horietan guztietan, hainbat egoera sozial marraztu dituzte film laburrok, "non pertsonek laguntza-sareak ehuntzen dituzten desberdintasunari eta zaurgarritasunari eusteko komunitate bat eraikitzeko".
Sariak banatzeko epaimahaia Argia Fundazioko erabiltzaileek, boluntarioek, profesionalek eta senideek osatu dute, eta sarien banaketan Sopelana Zurekin eta Zenbatu antzerki-taldearen hainbat antzezlan taularatuko dituzte.