Zuhaitzetatik "Oparitu Getxo" Gabonetako kanpainaren eslogana duen txartela egon da zintzilik eta bertan QR kodea, kanpainari atxikitako establezimenduen zerrendara sartzeko.
Gainera, bezeroei egin gura zaien aitorpen gisa, abenduaren 15etik aurrera atxikitako establezimenduetan egindako 30 euroko edo hortik gorako erosketek Aspertxu elkarteko haurrek (Asperger eta TEA-Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten pertsonen elkartea, Getxon egoitza duena) diseinatutako katilu bat jasoko dute doan. Guztira, 4.000 katilu banatuko dituzte ekimenean parte hartzen duten ia 80 establezimenduen artean. Bilduma egiteko lau katilu eredu daude, eta haien diseinuak Getxoko leku eta eremuetan inspiratuta daude.
“Ekimen honen bidez, tokiko merkataritza bultzatu nahi dugu, herritarrek Getxoko komertzio eta dendetan eta ostalaritzan kontsumitu eta eros dezaten sustatuz. Era berean, Aspertxurekin lankidetzan aritzean helburu soziala izatea ere nahi dugu, kontzientzia sozialaren alde eta, kasu honetan, Asperger eta TEA-Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten pertsonen ikusgarritasunaren alde”, nabarmendu du Juanma Gonzalez Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.