Zu non, han DA!

Miriam Luki, Harkaitz Cano, Olatz Mitxelena eta Iñigo Martinezek euren liburuak aurkeztuko dituzte Getxon

Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 13a, 08:44

Miriam Lukik bere liburua aurkeztuko du gaur, Casal liburu-dendan. © DURANGOKO AZOKA

Durangoko Landako Guneak ateak domekan itxi arren, Durangoko Azokaren fantasiak aurrera jarraitzen du, Zu non, han DA! egitasmoaren bitartez. Hala, besteak beste, lau idazlek euren azkenengo lanak aurkeztuko dituzte datozen egunotan Getxon.

Zu non, han DA! egitasmoa 2020an sortu zen, Durangoko Azokak euskal kulturgintzan sorrarazten duen dinamikaren indarra aprobetxatu eta euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz. Hala, Euskal Herri osoko 88 liburu-dendek parte hartuko dute egitasmoan, eta, gainera, 27 dendatan liburu aurkezpenak egingo dituzte, abenduaren 11n hasi eta 20an amaituko den aurkezpen-zirkuituaren barruan.

Aurkezpen horietatik guztietatik, lau Getxon izango dira asteon. Lehena gaur izango da, eguaztenean, Itzubaltzeta/Romoko Casal liburu-dendan. Bertan izango da Miriam Luki, 18:00etatik aurrera, Mikel Ayerbegaz solasaldian Argialdiak (Susa) ipuin-bilduma aurkezteko. Bere estreinako liburuan, maitale,
lagun, senide zein klase arteko harremanen ertzak behatu ditu.

Abenduaren 16an, zapatuan, Harkaitz Canok bere poema liburu berria aurkeztuko du, Ulu egiteko bolondres bila (Susa) izenekoa. Casal dendan izango da honako hau ere, eguerdiz, 12:00etan. Canoren azalpen eta errezitaldiaz gainera, Jon Pirisen zuzeneko musika ere entzun ahalko da bertan.

Hurrengo egunean, domekan, aurkezpen bikoitza hartuko du Getxogasoko saltokiak, 19:00etan. Batetik, Olatz Mitxelenak Arrain hezur bat eztarrian lanaren berri emango du. Igartza sariketari esker ondutako ipuin liburua da. Bestetik, Pantailen garaipena (Elkar) saiakera dakar Iñigo Martinezek; egungo gizartean pantailek duten eraginaz informatzen eta hausnartzen duen lana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun