Itxas-ikus liburu- eta paper-dendak historia luzea du 1960. urtean Cortazarren aitak zabaldu zuenetik. Hasiera batean, Kasino plazan zegoen, baina zonalde horretan hainbat taberna ireki zituzten eta aisialdirako gunea bilakatu zen, "liburu-denda batek ez zuen lekurik han eta duela zortzi edo bederatzi urte Torrene kalera mugitzea erabaki nuen", azaldu du dendariak. Kontatu du bera liburu artean hazi izan zela, txikitatik ibili baitzen bertan eta aitarengandik jaso zuen denda 1981ean.
Guztiaren gainetik, Itsas-ikus herriko denda bat dela azpimarratzen du liburu-saltzaileak: "Herriko komertzio txikiek duten onena da bezeroak ezagutzen ditugula eta aholkuak eman ahal dizkiegula, konfiantza eta hurbiltasun-harremana sortzen da". Horri esker, aspaldiko bezero fidel asko dituela dio, eta ahoz ahokoari esker joaten zaizkiola bezero berriak.
Gaur egun, Internet bidez liburuak saltzen dituzten plataforma handien eragina nabaritzen den arren, berak bere bezeroak izaten jarraitzen duela azaldu du, hala ere, tinko mantentzen da herriko negozio txikien alde. "Nik beti esaten dut Amazon bezalako enpresa handi horiek ez dituztela hemen zergak ordaintzen, ez dutela herriko ekonomia babesten eta beraien langileen egoera oso eskasa dela. Etxeko erosotasunetik erosi gura baduzu negozio txiki askok ere sekulako inbertsioa eta ahalegina egin dute Internet bidez saltzeko; ni ez nago Interneten aurka, enpresa handi horien kontra baizik".
Gaineratu duenez, berak ere WhatsApp bidez eskariak jasotzen ditu, eta dendan ez dituen liburuak egun bat edo biren buruan lortu ditzake. "Behar duguna da kalera atera eta jendeagaz hartu-emana izate eta herria bizitzea. Ni oso herrikoa naiz", gaineratu du.
Liburuak baino gehiago
Liburuez gain, Itxas-ikus paper-denda ere bada eta horrelako negozio zaharrek bezala, boligrafo edo agendez gain, paper eta material bereziak unitateka ere saltzen ditu, "eta hemen ez ditugunak eskuratu ditzakegu inolako arazorik gabe".
Eskoletako materialak ere eskaintzen ditu dendan eta bere ikasturtea uztailean hasten dela azaldu du, "uztailetik azarora", orduan jasotzen baititu eskola-liburuen enkarguak eta saltzen ditu umeentzako eskola-materialak.
Baina ez hori bakarrik, dendan jolasentzako apal handi bat ere badauka: "Umeentzako jolas-hezitzaileak, mahai-jolasak eta puzzleak dira, askok liburuak ere ekartzen dituzte eta espazioa, natura eta horrelako gaien ingurukoak dira". Gabonetan horrelako opari asko saltzen dituela nabarmendu du, jostailu hezitzaileek zerbait ezberdina ematen baitute.
Eskaintza, modaren arabera
Cortazarrek azaldu du dendako eskaintza eskariaren edo bere senaren arabera eguneratzen duela, "orain komikiak hasi naiz saltzen, lehenago hizkuntza liburuak ere probatu nituen eta poesia ere irakurtzen zen, baina orain ez dira hainbeste saltzen. Probatzen noa, funtzionatzen doanari lekua egiten diot eta gustatzen zaizkidan gauzak bakarrik ditut, gustuko ez badut ez baitakit saltzen eta apalean geratzen baita".
Algortarren irakurketa-ohiturak ere moden arabera aldatzen doazela dio, "orain, thrillerrak eta ekonomia edo feminismoaren inguruko aldarrikapen-liburu asko irakurtzen dira, lehenago eleberri historikoak ziren gehien irakurtzen zirenak".
Etorkizunera begira dagoen bezala jarraitu nahiko lukeela dio. Kontatu du hainbat krisi bizi izan dituela eta beti lortu duela aurrera jarraitzea, eta horrela nahiko lukeela jarraitzea: "Nik bizitzeko adina saltzen jarraitu gura dut eta nagoen bezala egon, ez dut ezer gehiago behar".
Bera erretiratzen denean denda eskualdatzea gustatuko litzaiokeela dio, "denda honek ibilbide luzea du eta bizitzeko adina ematen du, inolako arazo barik. Nik norbaiti utzi nahiko nioke, negozioak nola funtzionatzen duen erakutsi eta pertsona horrek jarrai dezala".