Ibaiondo kalean, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazatik gertu lekututa dagoen lokal batean egongo da laster martxan Ibar Nagusien Etxea elkartearen egoitza. Abenduaren 3an inaugurazioa egin zuten, elkartearen urteurrena ospatzeko asmoz, baina, iragarri dutenez, oraindino lokala egokitu beharra dago eta, aurreikusten dutenez, datorren urtearen hasieran zabalik egongo da.
Ibar Nagusien Etxeak oraintsu arte egoitza gisa erabiltzen zuen Lope de Vega kaleko 12-14 zenbakiko eraikina bota zuten otsaila-martxoan, Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren ondorioz, belaunaldien arteko zentro bat eraikitzeko. Toki horretan, Udalak azpimarratu du 280 metro koadro inguruko eremu erabilgarri bat gordeko dutela Ibar Nagusien Etxea elkartearen etorkizuneko egoitzarako, "Ajane (Algorta) eta Urtealaiak (Andra Mari) adinekoen beste elkarteek beren auzoetan duten bezala". Izan ere, udal-iturrien hitzetan, "lokal berriaren helburua elkarteak bere jarduerei jarraipena ematea da".
“Gure ustez, oso garrantzitsua da Getxoko adinekoen elkarteek, kasu honetan Ibar Nagusien Etxeak, beren jarduerak egiteko guneak izatea. Frogatu da elkarte horiek gaitasuna dutela gizartean parte hartzeko eta adinekoen arteko loturak ezartzeko aukera ematen duten topaguneak, jarduerak eta proiektuak sortzeko. Hori dela eta, hitzarmen honen bidez, udalerrian egiten duten lan garrantzitsua aitortu eta sustatu nahi dugu", nabarmendu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Gastu gehiago
Ibar Nagusien Etxeak gogoratu duenez, 2012tik 2020ra bitartean, Udalak 42.500 eurorainoko diru-laguntzak eman zizkion elkarteari, bazkideentzako jarduera eta tailerretatik eratorritako gastuei aurre egiteko. Lope de Vegako eraikina eraitsi ondoren, elkarteak jarduerak RKEn egiten ditu orain, baina horrek ez du, azpimarratu duenez, gastu-kopurua murriztu, besteak beste, monitoreak kontratatu behar direlako.
Udalak, bere aldetik, iragarri du azken urteotan jasotako laguntza, 25.725 euro 2023an, handituko dela, 42.500 eurora elkarteak zehaztu duenez. Hala ere, elkarteko kideek deitoratu dute laguntza horregaz, lehen ez bezala, lokal berriaren alokairuari aurre egin beharko diotela ere, "26.000 euro urtean", eta, ondorioz, diru gutxiagogaz aurre egin beharko dietela antolatutako ekintza guztiei.