#0KM - Berton bertokoa

Itxaso Zelaia eta Juan Mari Zelaia: "Betiko produktua saltzen dugu; gertukoa, kalitatezkoa eta naturala"

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 20a, 09:02

Eusko Labeldun harategirik baldin badago gurean, horixe da Areetako Juan Mari. Orain dela 41 urte zabaldu zuten Itxaso Zelaiaren gurasoek establezimendua, Getxoko auzo horretako Mesedeetako kalean, 31. zenbakian. Lau hamarkadotan pilatutako jakintza agerikoa da bertan, kalitatezko askotariko produktuez beteta, baita aro berrietara egokitzeko grina ere.

Harategi eta urdaitegi gisa funtzionatzen dute Juan Marin, eta, orain dela hiru urtetik, beheko parteko sotoa erosi eta lokala goitik behera berriztu ondoren, elaborazio gehiago egiteko obradore edo lantegi bat eta sukalde bat egokitu dute, aurretik prestatutako platerak ere eskaintzeko. Azken horri begira, Zelaiak aitortzen duenez, eskaera handia dute: “Jendeak probatzen du, gustatzen zaio eta askok errepikatzen dute. Konfiantza asko ematen dugu, urte asko daramagulako hemen lanean, eta beti eskaini dugulako kalitatezko produktu natural bat”.

Eskaintzen duten arretaz gainera, salmentan duten produktuen kalitateari eta jatorriari berebiziko garrantzia ematen diote Juan Marin, hasiera-hasieratik. Zelaiak gogoratzen duenez, hasiera batean, familiak berak zaindutako behiak eta txahalak erabiltzen zituzten harategian saltzeko produktuak ekoizteko. “Abeltzainak ginen”. Hala ere, apurka-apurka, negozioaren alderdi hori baztertu eta dendan oinarritu ziren. “Azken finean, aita izaten zen baserrira joaten zena, behiak elikatzera eta hori dena. Lan asko zen berarentzako, eta horregatik erabaki genuen hori alde batera uztea”, azaldu du

Itxasok aita Juan Mari izaten du alboan, amagaz batera erretiratuta egon arren, laguntzen. Alabak harategiaren gidaritza hartu zuen orain dela 10 urte, eta biek diotenez, oraindino ere hasierako izaerari eusten diote: kalitatezko produktua eskaini, gertukoa eta naturala. Horretarako, baserrietara hurbiltzen dira behiak eta txahalak erostera eta, gero, haien lantegian, elaborazioak egiten dituzte, hala nola hanburgesak, saltxitxak… “Daukagun guztiarekin lanketa egiten dugu”. Urdaitegiari dagokionez ere, bertokoa ekartzen saiatzen dira, baina baita beste leku ezberdinetatik ere, “baina beti gauza bereziak edo ICParekin, baita artisauak ere”.

Artxiboko argazkia: © JUAN MARI HARATEGIA

Areetan kokatuta, metro-geltokitik gertu, bezero-mota bi dituela aitortzen dute zelaiarrek. “Areeta auzo zaharra da, jende nagusi asko bizi da hemen, eta horiek etortzen dira gurera erostera. Horiek goizetan etortzen dira batez ere, baina haien seme-alabak, kanpora bizitzera joan direnak-edo, arratsaldeetan ere etortzen dira, asko”.

Gabonei begira ere, askotariko eskaintza berezia dute aukeragai Juan Mari Harategian, hala nola Arandatik ekarritako antxumea, Galiziako kapoiak eta pulardak, eta haien okela. Azken horiei dagokienez, txuletak eta roast beef delakoa nabarmendu du Itxasok. “Gainera, orain sukaldea dugunez, kozinatutakoak ere eskaintzen ditugu, eta oso harrera ona izaten ari dira, hala nola roast beef-a bera eta oilasko beteak”.

Eskariak dendan bertan egiteaz gainera, telefonoz ere egin daitezke, baita WhatsApp bidez ere, “askok egiten dute eskaera horrela”. Gainera, aita-alabek diotenez, bidalketak egiten dituzte, etxera, eta datorren urteari begira webgunearen bitartez aukera hori ahalbidetzea dute helburu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun