Etxebizitza alokatzeko eta gazteak emantzipatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea irekiko dute eguaztenean

Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 10:59

Bihar eguaztenetik, abenduak 20, eta 2024ko ekainaren 30era arte egongo da zabalik etxebizitza alokatzeko eta gazteak (18 eta 35 urte bitartekoak) emantzipatzeko laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea Getxon. Udalak 250.000 euro bideratu ditu laguntza horietara, eta horien helburua da Getxoko gazteei emantzipatzeko prozesuan laguntzea, eta udalerriko eremu guztietan alokairuko etxebizitza batean sartzea eta bertan jarraitzea sustatzea. Aurten aldaketak daude irizpideetan, gazte gehiagorengana iristeko asmoz.

Azken urteotan onartutako deialdietan, onuradun izateko baldintzei buruzko aldaketak egin dira, gazte gehiagorengana iristeko eta laguntzaren iraupen osoa luzatzeko. Aldaketa horiek deialdi berri honetan mantendu egiten dira:

  • Laguntzak 3 deialditan jaso daitezke; pertsona onuraduna den lehenengo deialdian diru-laguntzaren % 100 ordainduko da; bigarrenean, diru-laguntzaren %75; eta hirugarrenean, ezarritako tarte-sistemaren arabera kalkulatutako zenbatekoaren % 50.
  • Gehieneko alokairu-errenta 1.100 eurokoa da (eta, oinarrietan aurreikusitako salbuespenerako, 1.500 euroraino). Onuradun bakoitzari emango zaion zenbatekoa gutxienez % 20koa izango da, eta gehienez % 50ekoa errentamendu-gastuengatik (atxikitakoei dagozkienak izan ezik, hala nola garajea edo trastelekua, komunitate- eta administrazio-gastuak). Nolanahi ere, zenbateko hori ezin izango da hilean 550 eurotik gorakoa izan, oinarrietan aurreikusitako salbuespen-kasuetan izan ezik. Laguntzen gehieneko aldia 12 hilekoa izango da (alokairuak 2023/07/01etik 2024/06/30era bitartekoak izango dira).
  • Getxon erroldatzeko betebeharra errentamendu-kontratua formalizatu ondoren eskatuko da, erroldan antzinatasunik izan gabe.

Onartu berri den deialdi honek berrikuntza hauek ditu:

  • Laguntzaren onuradun izateko gehieneko diru-sarreren mugak handitu egin dira, hau da, 27.125 euro A eta B motako bizikidetza-unitateentzat eta 42.315 euro C motakoentzat, babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugak eguneratzeagaz bat etorriz.
  • Eskabideak aurkezteko epea luzatu egingo da; 6 hilabetetik gora irekita egongo baita.

"Egin diren berrikuntzei esker, laguntzak jaso ditzaketen gazteen kopurua handitzea espero da", azaldu dute udal-iturriek.

Deialdi hau 2023-07-1etik 2024-06-30era artekoa izango da. Izapideak Administrazio Elektronikoko Bulegoaren bidez egingo dira. Eskatzaileren batek sinadura elektronikoaren edo/eta beharrezkoak diren baliabide elektronikoen ziurtagiririk ez badu, prozeduraren ondoriozko jarduketa elektronikoak baliozkotasunez egin ahal izango dituzte langile publikoek, sinadura elektronikoko sistema erabiliz. Horretarako, behar diren bitarteko elektronikoak ez dituen interesdunak funtzionarioaren aurrean identifikatu eta berariazko baimena emango du jardun horretarako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun