Maitane Nerekanek bere lehenengo ipuin ilustratua aurkeztuko du bihar, eguaztenean, Algortan: Euskaraz, zergatik?. Getxoko Kultur Etxearen Sormen bekak bultzatuta argitaratu du lana, euskararekiko atxikimendua lantzen duena haur filosofiaren proposamenetik. Kontakizuna Getxon dago kokatuta, eta euskaraz zergatik egiten dugun hausnartzeko tresna izatea gura du, ume zein helduentzat. "Ipuina bera pizgarri bat da, aitzakia bat hausnarketarako", dio idazleak.
Aurkezpenean, Maitane Nerekan idazleagaz batera, bere lagun Laurita Siles eta ahizpa Eider Nerekan egongo dira; azken horiek biek ardura izan dute hitzei irudia jartzea. Solasaldia 19:00etan hasiko da, Algortako Azebarri kulturgunean.