Bigarren fase hau 2023-2024 ikasturte berriaren hasieragaz batera hasi da. Esperientzia pilotu berri bat egin zen urriaren 16tik 20ra, ikasleak eskolara oinez joatea sustatzeko eta aurreko ikasturteko esperientzia pilotuan parte hartu ez zuten familiei bide horiek ezagutzeko aukera eskaintzeko. Dozena bat ikastetxetako 250 haur inguruk parte hartu zuten ekimenean, eta aurrez diseinatutako bideetatik eskolara joateko esperientzia bizitzeko aukera izan zuten, modu seguru, autonomo eta iraunkorrean, lagunakaz batera.
Parte-hartzea sustatzea
Aurtengo ikasturtean garatuko diren ekimenen artean, herritarren parte-hartzea sustatzeko ekimenek garrantzi espezifiko handia izango dute. “Eskola Bidearen proiektua mundu guztiaren artean eraikitzen da, ezin du talde bakar batek modu isolatuan diseinatu, eta, horregatik, eragile guztien parte-hartzea oso garrantzitsua da, eta Gabonak datozela aprobetxatuz, Getxoko merkatariek ere parte hartu ahal izango dute ekimen honen laguntzaile gisa”, Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak animatu duenez. Beraz, “ezinbestekoa denez eskoletako bideetan dauden saltokien lankidetza, eta Gabonak datozela aprobetxatuz, hurrengo helburua merkatarien sare laguntzaile bat sortzea izango da”, aurreratu du. Parte hartzea erabakitzen duten establezimenduek eskola-bidearen logotipoa duten pegatinak jarriko dituzte erakusleihoetan, bertatik igarotzen diren pertsonek ikus ditzaten eta, horrela, haurrek ibilbide argiagoa izan dezaten.
Beste ekintzetako bat online foro bat sortzea izango da, proiektuaren urratsak ezagutzeko eta ideien ekarpenean parte hartzeko. Horrela, foro horren bidez, parte-hartzaileek proiektuaren aurrerapenak, informazio garrantzitsuak, deialdiak eta abar ezagutu ahal izango dituzte.
Bestalde, eskoletarako bideak seinaleztatzeko unea ere iritsi dela uste dute arduradunek, "bide-seinaleek berebiziko garrantzia baitute, antolatu eta segurtasuna eskaintzeko eta bide horietatik doazenen bizitza eta osotasuna babesteko beharrari erantzuten baitio". Horregatik, "eta pertsona guztien iritzia garrantzitsua denez", lankidetzan aritzeko prest dauden getxoztarrek proposamenak baloratzeko eta seinaleztapen egokiena adosteko aukera izango dute urtarrilean, baita seinaletika diseinatzeko antolatuko diren herritarren lan-mahaietan parte hartzekoa ere.
Amaierako aste tematikoa, martxa jendetsua barne
Ikasturte amaiera aldera, martxoan, ospakizun handi bat egingo dute Eskola Bideei buruzko aste tematiko bategaz, "ezinbestekoa baita udalerriko ibilbideak sustatu eta ikusarazteko".
Alde batetik, irakasleek proiektuagaz zerikusia duten gaiak landuko dituzte ikasleakaz, "eskola-bidea beraiena dela barnera dezaten". Garatu beharreko ekintzen artean, hiritarrentzako “isun zibikoa”-ren kanpaina egongo da. Bertan, ikasleak izango dira protagonista eta herrian zehar ibiliko dira, herritarren jarduerak aztertuz: semaforoak berdez gurutzatzen diren, errepideak zebrabidetik igarotzen diren edo txakurren kakak jasotzen diren ebaluatuko dute.
Bestalde, Getxoko Ingurumen Aretotik abiatuta eta hainbat elkarteren laguntzagaz, “Eskola Bideen Martxa” jendetsua antolatuko da, proiektuarekiko guztion konpromisoa erakusteko. “Horregatik, gure adingabeen eguneroko bizitzan ezberdintasuna markatzen duen kausa baten alde gaudela izango da arrazoi garrantzitsuena”. Ekintza inklusiboa izango da, adin eta egoera fisiko guztietako pertsonei irekia.