Punta Galea Challenge-ak atseden hartuko du denboraldi batez

Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 26a, 09:54

2022ko edizioa.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, belaunaldien arteko erreleboaren ondorioz, txapelketako zuzendaritza aldatu behar dute eta, era berean, ekitaldia are handiagoa egin gura dute. Hori dela eta, datozen hilabeteetan, "etapa berriari begira" lan egingo dute, "talde berria, gaztea eta eskarmentuduna" prestatuz. Hala, iragarri dute olatu handien Challenge-a bertan behera geldituko dela 2024ko udagoienera arte, "indar handiagoz itzultzeko".

Olatu handiko surf txapelketa zaharrena da Galeakoa Europan; 18 urte bete ditu, eta mundu mailako erreferente garrantzitsuenetakoa da. 2005ean sortu zuten, "asmo handirik gabe", Galeako olatu paregabea eta ospe handiko surflarien tokiko komunitate berezi bat ezagutzera emateko asmoz. "Ekitaldiaren, agertokiaren eta olatuaren ikusgarritasunaren ondorioz, nazioarteko surf komunitateak olatu handiko munduko surf zirkuituan sartuko zen ekitaldiari erreparatu zion, eta Getxokoa izango zen munduko birako Europako proba bakarra, Hawaiirekin eta Txilerekin batera, besteak beste", azaldu dute antolatzaileek.

Bere idiosinkrasiagaz eta bertako komunitatea eta olatuaren ongizatea zaintzeko filosofiagaz leial, munduko zirkuitua utzi eta "sustraietara itzultzea" erabaki zuen, bertoko 12 surflarik eta nazioarteko 12 surflarik osatutako lehiaketa formatura. Gaur egun, nazioarteko surf komunitateak oso proba maitatua eta errespetatua du eta eragin mediatiko handia izan du beti. Izan ere, egun oso ezagunak diren surflari askoren tranpolina izan da Galeako txapelketa, hala nola Natxo Gonzalez  plentziarra, 2013ko edizioko irabazlea eta 2022an ospatutako azkena.

Lau ediziotan, baldintza faltagatik, ezin izan da ekitaldia gauzatu, probak baldintza meteorologiko oso zehatzak eskatzen baititu. Hala ere, beste agertoki batzuekaz alderatuta, Galearen konstantzia nabarmentzen dute antolatzaileek, "eta oso litekeena da denboraldi bakoitzean hausten ikustea". Baina, batez ere, bere antolaketa zaindua eta giro ezin hobea da, protagonisten ahotan, ekitaldia hain berezia egiten duena. "Ezaugarri horiei eustea eta ekitaldiari beste estra batzuk ematea lehentasunezkoa da orain antolaketarako eta Udalerako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun