Musika proiektuak garatzen laguntzeko Getxolive Pro deialdia jarri du martxan Getxoko Kultur Etxeak

Erredakzioa 2024ko urt. 3a, 13:44

Musika-proiektuak egiteko eta euskal kultura-sektorean sortzen ari diren bakarlarien eta taldeen hazkundea eta garapen profesionala bultzatzeko GetxoLive Pro izeneko deialdia jarri du martxan Getxoko Kultur Etxeak. Horren bidez, baliabideak emango dituzte entsegu- eta grabazio-aretoak erabiltzeko, aholkulari profesionalak kontratatzeko, musika-lanak argitaratzeko edo bideoklipak ekoizteko. Eskabideak aurkezteko interesa dutenek martxoaren 4ra arte izango dute horretarako aukera.

Getxolive Pro talde eta bakarlari getxoztarrentzako laguntza da, entseguak egiteko eremuak, profesionalki hornitutako estudio batean musika-konposizioak grabatu, musikaren edo kulturaren sektoreko profesionalen aholkularitza eta prestakuntza, edo musika-lanak argitaratu edo bideoklipak ekoizteko. Helburu horiek lau laguntza-modalitatetan hedatuko dira. Lehenengoa, Romo Kultur Etxeko entsegu-areto intsonorizatuak erabiltzera bideratuta dago, eta ekipamendu horiek erabili ahal izateko 100 orduko 10 poltsa diruz laguntzean datza. Bigarrenak, berriz, 40 orduko 10 poltsa eskaintzen ditu, zentro bereko grabazio-gela doan erabili ahal izateko, eta, horrez gain, soinu-teknikari baten asistentzia ere eskainiko da.

Hirugarren modalitatea kultura kudeatzeko eta musika sortzeko, ekoizteko eta zabaltzeko aholkularitza edo laguntza profesionalari zuzenduta dago, bandek edo bakarlariek interpretazioaren eta kudeaketaren esparruan egiten duten lana hobetze aldera. Horretarako, 3.000 euroko lau diru-laguntza eskainiko ditu egitasmoak. Azkenik, laugarrenaren bidez, zenbateko bereko beste lau diru-laguntza emango dituzte, bideoklipak finantzatzeko eta musika-lanak argitaratzeko.

Guztira, deialdiak 24.000 euro bideratuko ditu gehienez, eta zenbateko horri gehitu behar zaizkio soinu-teknikari baten zerbitzuak (gehienez 400 orduko paketeagatik), bai eta RKEren entsegu- eta grabazio-aretoen lagapena ere.

Deialdirako eskabideak era telematikoan aurkeztu ahal izango dira Getxoko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez (https://eudala.getxo.eus). Deialdiaren dokumentazio osoa hemen eskura daiteke: www.getxo.eus/kulturadeialdiak. Behin eskabide guztiak baloratuta, Kultura Etxeak gehienez ere hiru hilabeteko epean jakinaraziko ditu hautatutakoak, eskabideak jasotzeko epea amaitu ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun