'Romi' telesailaren filmaketa-lanek trafikoari eragingo diote barikuan Areetan

Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 13:57

Orain dela hilabete gutxi batzuk ere, Getxon hainbat tokitan grabatu zuten beste telesail bat.

Etzi, barikuan, Areetako hainbat kale itxi egingo dituzte, Ines Paris zuzendari eta Maria Cerezuela eta Natalia Millan protagonista dituen Romi fikziozko thrillerraren filmaketa dela eta. Grabaketa-lanak barikuko 17:30etik zapatuko (hilak 13) 01:30era egingo dituzte.

Mesedeetako kaleko trafikoa erabat moztuko da, 1 eta 6 zenbakien artean, 17:30etik 20:30era, gutxi gorabehera. Evaristo Txurruka kalera sartu gura duten ibilgailuak Paulino Mendiviletik desbideratuko dira. Kaleko tarte horretan bizi diren pertsonek baimena izango dute garajeetara sartzeko.

Gainera, Evaristo Txurruka kaian aldizkako mozketak egingo dituzte, 4 zenbakiaren parean, 6 atariaren kanpoaldean sekuentzia bat egiteko, eta gunean eremu bat eta bide publikoaren okupazioa erreserbatuko dira ekoizpen-etxearen ibilgailuetarako eta materialerako.

Argiteria publikoari dagokienez, barikuko 17:30etik zapatuko 03:00etara bi argi itzaliko dituzte: Evaristo Txurruka kaiko 6 zenbakiko eraikinaren fatxadakoa eta Mesedeetako kaleko 3 zenbakikoa.

Romi telesaila

Romi Mediaset-en telesail originala da, eta Maria Cerezuela euskal aktorea du protagonista, emakumezko aktore berri onenaren Goya saria irabazi zuena, Maixabel filmagatik. Katearen fikzio berri hau Showrunners: Aula de Ficción talentu gazteen promoziorako programaren lehen edizioan hautatu zuten.

Romina Goitia Romi (Maria Cerezuela) entzumen-desgaitasuna duen detektibe pribatu gaztea da, hitzik gabeko komunikazioa interpretatzeko eta gezurra antzemateko gaitasun paregabea garatu du, eta aurkezten zaizkion kasuak ebazteko trebetasun handia du. Kasuak ebazteko eta bere helburuak lortzeko legezkotasunaren inguruan ibiltzeko joerak loa kentzen dio amari, Alaiari (Natalia Millan), Ertzaintzan ikuskatzaile lan egiten duenari.

Gaur egun Bilboko eta Bizkaiko hainbat agertokitan filmatzen den telesailean, Edurne Azkarate, Unax Ugalde, Elena Irureta eta Asier Etxeandia aktoreek ere parte hartzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun