Getxoko Agate Deuna Koru Jaialdian parte hartzeko izenematea irekiko dute astelehenean

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 12a, 17:30

Artxiboko irudia.

Getxoko Kultur Etxeak 36. Agate Deuna Koru Jaialdian izena emateko epea zabalduko du astelehenean, hilaren 15ean. Aurten, ikastetxeetako taldeak otsailaren 2an aterako dira kalera, eta helduen taldeak zein koru mistoak (haurrak eta helduak) gauza bera egingo dute otsailaren 4an.

Ohi legez, abesbatzek Agate Deunaren omenezko koplak kantatuko dituzte kalerik kale. Eskoletako taldeen kasuan, eskola ordutegian arituko dira, eta ikastetxeek beraiek zein guraso elkarteek eman ahal izango dute izena. Talde batek izena emateko, gutxienez 15 kide bildu beharko ditu, eta koru guztiek dieta bat jasoko dute parte hartzeagatik.

Bestalde, helduen eta mistoen taldeak gune bitan arituko dira, Romo-Areetan eta Andra Mari-Algortan, 18:00etatik aurrera. Gainera, otsailaren 4ko 20:00etan, abesbatza guztiek batera abestuko dute Algortako Telletxe eta Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazetan. Eskoletako taldeen kasuan bezala, ezinbesteko baldintza izango da talde bakoitzeko gutxienez 15 pertsona biltzea, eta parte hartzeko dietak emango zaizkie izena ematen duten koru guztiei.

Izena emateko epea urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik, eta parte hartzeko eskabideak Getxoko Administrazioko Bulego Elektronikoan aurkeztu ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun