Familia Eskolaren ikastaroen beste ziklo bat abiatuko dute, maiatzera arte

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 17a, 13:19

Besteak beste, bideo-jokoen gaia jorratuko dute.

Datorren eguaztenetik, hilaren 24tik, hasita, jorratuko dituzten gaiak izango dira bideo-jokoei, porno belaunaldiari, joko eta apustuei, telefono mugikorrari, irudiari, beldurrei, komunikazioari eta kalean edaten ibiltzeari buruzkoak, besteak beste. Denak gaztelaniaz izango dira, apirilaren 8 eta 9an San Nikolas Ikastolan haurren beldurrak nola kudeatzekoa izan ezik, euskaraz izango baita. Ikastaroak doakoak izango dira.

Heziketa emozionala eta adikzio-jarreren arriskuak kudeatzen laguntzeko, Getxoko Udalak antolatutako Familia Eskolaren ikastaroen beste ziklo bat martxan jarriko da datorren eguaztenean, urtarrilak 24. Jorratuko dituzten gaiak bideo-jokoei, porno belaunaldiari, joko eta apustuei, telefono mugikorrari, irudiari, beldurrei, komunikazioari eta kalean edaten ibiltzeari buruzkoak izango dira. Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu duenez, “Programak agerian uzten du Udalak hezkuntza emozionalarekin eta gazteen arteko mendekotasun-jokabideen prebentzioarekin lotutako gaiei heltzeko duen konpromisoa. Gure ustez, garrantzitsua da garapen akademikoan ez ezik, ongizate emozional eta sozialean ere oinarrituko den hezkuntza-ingurunea sustatzea. Gai horiei modu hezitzaile eta eraikitzailean heltzeak sortuko zaizkien erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren trebetasunetan eta ezagutzetan aurrera egitea esan nahi du”.

Datozen asteotarako antolatutako tailerrak hurrengoak izango dira:

  • "Haurtzarotik emozioen kudeaketa lantzeko baliabideak". Urtarrilaren 24 eta 25ean, Gobela ikastolan. (Gaztelania).
  • "Nahiago du etxean bideo-jokoekin jolasten geratu, beste edozein Aisialdi-plan egin baino. Zer egin dezakegu?" Otsailaren 5 eta 6an, Larrañazubi eskolan. (Gaztelania).
  • "Porno belaunaldia. Nola hitz egin horri buruz". Otsailaren 19 eta 20an, Aixerrota institutuan. (Gaztelania). 
  • "Jokoa eta apustuak. Diruaren balioa nerabezaroan". Martxoaren 11n, online. (Gaztelania).
  • "Zergatik ematen dituzte hainbeste ordu ispiluari begira? Irudia eta nerabezaroa". Martxoaren 18 eta 19an, Julio Caro Baroja institutuan. (Gaztelania).
  • "Haurren beldurrak nola kudeatu eta haurrak nola lagundu?" Apirilaren 8 eta 9an, San Nikolas ikastolan. (Euskara).
  • "Maitasun- eta komunikazio-lotura positiboak sortzeko gakoak". Apirilaren 24 eta 25ean, Romo Eskolan. (Gaztelania).
  • "Nola kudeatu lehenengo mugikorra erosteko unea?" Maiatzaren 6 eta 7an, Nuestra Señora de Europa ikastetxean. (Gaztelania).
  • "Kezkatuta al zaude uda honetan kalean edaten ibiliko direlakoan?" Maiatzaren 20 eta 21ean, Azkorri ikastetxean. (Gaztelania).

Doako ikastaroetan parte hartu ahal izateko aurretiaz izena eman beharko da  Gurasoen Eskolen elkarteek edo eskolek bidaliko duten online inprimaki baten bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun