Udalerrian bizi den hizkuntza aniztasunaren zereginari ekiteko asmoz, Getxoko hizkuntza aniztasunaren egoera zer-nolakoa den aztertu gura dute. Horretarako, Euskaltzaleen Topaguneak eta Egizuk Auzoko Elkarrizketak izeneko egitasmoa jarri dute martxan, norbanakoek eta eragileetako kideek haien bizipenak eta testigantzak eman ditzaten. Saioa otsailaren 18an egingo dute, domekan, 17:00etatik aurrera, Azebarri kulturgunean.
Arduradunek azaldu dutenez, hiru orduko lansaioa izango da, eta, bertan aterako diren ideiak oinarri hartuta, aurrera ekiteko bide-lerroa zehaztuko dute, besteak beste. Izan ere, helburua da Euskal Herrian euskararen erabilera ohikoa eta erosoa izatea eta, hori lortzeko, ezinbestekoa ikusten dute hizkuntz aniztasunaren zereginari ekitea, "betiere, ondorengo bi faktoreak elkar gurutzatzen direlako: euskararen normalizazio prozesua eta euskal jendartearen aniztasuna".
Hori horrela, lansaio horretan, errealitate bi horiek gorpuzten dituzten pertsonak batu gura dituzte: alde batetik, euskararen normalizazio prozesuan interesa dutenak; eta, bestetik, bertoko jendartera aniztasuna eta aberastasuna ekarri duten horiek. "Bilaketa hau, gure prisma eta lekutik soilik eginez gero, zailtasun gehiago izango ditugu zabaltzeko, jende anitza elkartzeko, baina aliatuak topatzen baditugu errazago egingo dugu lan", azaldu dute.