Udal arduradunek azaldu dutenez, obra hasi bezain laster, lanen zatirik handiena erakinaren kanpoaldetik egingo denez, instalazioak erabiltzaileei ia kalterik eragin gabe erabili ahal izango dira. "Aldizkako analisi-sistema bat ezarriko da, ahalik eta epe laburrenean zehazteko planteatutako konponbideak espero den emaitza eskaintzen duela".
Fadurako frontoien eraikina 1973an eraiki zen, eta, udal-iturriek zehaztu dutenez, horren egitura aseguratzea funtsezko urratsa izango da barrualdea eraberritzeko eta ekipamenduak berritzeko lanak egin aurretik, gaur egun, kirolaren aldetik, eraikinak dituen beharrak kontuan hartuta. Instalazioak eraldatzeko eta hobetzeko Thinking Fadura prozesuaren testuinguruan, 2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten lehen parte-hartze fasean, eta fase horretan jasotako moduan, aurreikusi da eraikinak erabilera berriak izatea, abonatuen nahiz herriko kirol klub eta elkarteen lehentasunei erantzutearren.
PPko bozeramaile Eduardo Andradek gogoratu duenez, 2001ean itoginak konpontzeko erreforma bat egin zuen Udalak eraikinean, eta deitoratu du filtrazioak egon direla berriro ere. Hori dela eta, galdetu du ea obra hauekaz arazoa behin betiko konponduko ote den. Horri erantzunez, Alvaro Gonzalez Kiroletako zinegotziak azpimarratu du daborduko ez daudela lehen bezalako itoginak eta 2001eko azterlana lotura handiagoa izan zuela horiek ezabatzeagaz; "uste dugu egungoa oso pertsona kualifikatuek egiten dutela eta eraikina egonkortzea lortuko dugu", esan du.