Getxoartek tokiko artisten arte garaikidea zabalduko dio publikoari

Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 09:29

Aiala Etxegarai artistak mugimenduaren inguruko tailerra eskainiko du. © GETXOKO UDALA

Getxoarteren eskutik itzuliko da udalerrira arte garaikideekiko hitzordua, otsailaren 2tik martxoaren 10era. Programaren 21. edizio honetan, ohi bezala,  jarduera eta tokiko sorkuntza sustatu gura dira. Getxoartek askotariko jarduerak hartuko ditu Romo Kultur Etxean eta beste leku batzuetan; horietan, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta topaketak izango dira. Horregaz guztiagaz batera, «Artista bat auzoan» ekimenaren edizio berri bat egingo dute aldez aurretik. Horren bitartez, tokiko zortzi sortzaileren sormen prozesuak zabalduko dituzte, urtarrilaren 31ra bitartean Getxo Kulturako sare sozialetan argitaratuko diren bideoen bidez. 

Getxoarteren 21. edizioa otsailaren 2an, barikuan, abiatuko da Romo Kultur Etxean, Idoia Leache, Eloy Pueyo eta Jorge Sanzen Territorios de encuentro erakusketaren eskutik. Inaugurazioa 20:00etan hasiko da eta otsailaren 18ra arte egongo da ikusgai. Bestalde, hiru sortzaileek, erakusketaren komisario, artista EHUko Arte Ederren irakasle den Iker Serranogaz batera, hitzaldi bat emango dute hilaren 16an, barikuan, Romo Kultur Etxean (19:00).

Hurrengo egunean, hilak 3, Artista bat auzoan erakusketa abiatuko da Algortako Merkatuan (egun berean inauguratuko da, 13:00etan). Izen bereko ekimena pandemia-aldian jarri zen abian, eta XXI. mendeko bitartekaritza-programaren barruan kokatzen da. Oraingoan, Aiala Etxegarai, Usoa Fullaondo, Eva Kareaga, Veva Linaza, Leire Muñoz, Esteban Ramos, Alberto Urkiza eta Fernando Villena izango dira protagonistak. Beren sortze-prozesuak Getxo Kulturako sare sozialetan argitaratutako bideoen bidez erakutsi ondoren, beren lana erakusketa kolektibo batean erakutsiko dute. Erakusketa hori otsailaren 3tik 29ra egongo da zabalik, merkatuaren ohiko merkataritza-ordutegian.

Otsailaren 23tik martxoaren 10era Plan A erakusketa izango da Anne Aramendia, Ane Berganza eta Ada Garrues artisten eskutik, eta 20:00etan inauguratuko da. Bestalde, hiru artistek erakusketaren komisario eta EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle Natalia Vegasekin batera hitzaldi irekia eskainiko dute martxoaren 1ean, Romo Kultur Etxean (19:00). 

Topaketak

Otsailaren 4tik aurrera, eta martxoaren 3ra arte, Artista bat auzoan erakusketan parte hartuko duten zortzi artistek hainbat topaketatan parte hartuko dute publikoagaz, beren lanak eta ikerketak erakusteko, beren proiektuez eta sorkuntza garaikideaz hitz egiteko, eta parte-hartzaileak gonbidatuko dituzte beren sormen prozesuak ezagutzera tailer praktikoen eta hitzaldien bidez. Domekan, otsailak 4, Usoa Fullaondo artista eta ikertzaileak "¿Zuloak behar ditugu?'" saio praktikoa eskainiko du Zirri Marra arte tailerrean (12:00-13: 30), 6 eta 10 urte bitarteko umeentzat. Bertan, haurrek zuloek eskaintzen dituzten aukerak aztertuko dituzte, ikusten uzten dutena eta ikusten ez dutena, sartzen eta ateratzen dena.

Otsailaren 9an, barikuan, zeramika tailerra izango da Eva Kareaga artistaren eskutik Romo Kultur Etxean (18:00-20:00) 12 urtetik gorakoentzat. Artistak diziplina horren eta bere teknikaren berri emango du, ondoren parte-hartzaileek euren proiektu pertsonaletan aplikatu ahal izan dezaten. Azkenik, otsailaren 10ean, zapatuan, animazio-tailerra egingo dute Esteban Ramos zinematografia-operadore, argazkilari eta marrazkilariaren eskutik. Saioa 12 urtetik aurrerakoentzat zuzenduta egongo da eta bertan, Ramosek animazio tekniken jatorria azalduko du eta mugimenduan irudiak sortzeko aukera egongo da.

Eguenean, otsailaren 15ean, artistakaz topaketak hasiko dira. Egun horretan Alberto Urkiza artistaren lantokia (18:00) bisitatu ahal izango da, bere ibilbidea eta gaur egun murgildurik dagoen proiektuetan daraman metodologia ezagutzeko. Bisitarako topagunea Deustuko metroaren geltokia izango da, Iruña irteera, eta adin guztiei zuzendutako jarduera da. Hurrengo topaketa Azkorriko aparkalekutik abiatuko da, Veva Linaza artistaren eskutik. "Itsasoa margotu" tailerraren bidez, formatu handiko aire zabaleko pinturaren praktika partekatuko du Linazak, paisaiagaz bat egiten duten gorpuztuak ikusteko moduak proposatuz. Jarduera 10 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat da, eta parte hartzeko ez da beharrezkoa pintura-noziorik izatea.

Zapatuan, otsailak 24, Aiala Etxegarai artistaren txanda izango da, 16 urtetik gorakoentzako "Gorputza mugitzen" tailerragaz. Saio horretan, parte-hartzaileek beren gorputzagaz konektatuko dute mugimendutik, eta horien artean kontaktua eta begirada landuko dira. Hurrengo egunean, domekan, Fernando Villena sortzaileak bere ibilbideari buruzko hitzaldia emango du Romo Kultur Etxean (12:00). Adin guztietako ikusleei zuzendutako topaketa horretan, bere ibilbidea, inguruneagaz duen harremana eta azken 20 urteetan artista gisa egindako lana errepasatuko ditu.

21. Getxoarte topaketen programa martxoaren 3an amaituko da, domekan, Leire Muñoz EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslearen eskutik. Artistak "Alzar" eskultura tailerra jarriko du abian, non planotik eta lerrotik abiatuta, espazioa irudimenaren bidez ulertzeko moduak landuko dituen. 12:00etatik 13:30era, Romo Kultur Etxean. Topaketa hori 11 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago.

Topaketa guztiak doakoak izango dira lekua bete arte. Jarduera guztietan parte hartzeko beharrezkoa izango da getxoarte@getxo.eus posta elektronikoaren bidez izena ematea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun