Seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzera animatzeko kanpaina abiatu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 29a, 11:22

Otsailaren 7tik 23ra bitartean izango da ikastetxeetako matrikulazio-epea eta, hori dela eta, Getxoko Udalak familiek seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzera animatzeko kanpaina jarri du martxan aurten ere. Horretarako, alkateak eskutitz bana bidali die haurrak lehen aldiz matrikulatuko dituzten familiei. Guztira, 1.400 familiari bidali zaie gutuna.

Ikasturte honetan, udalerrian, Haur Hezkuntzako umeen % 67,3 D ereduan (irakaskuntza euskaraz) dago matrikulatuta, % 31,2 B ereduan (irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz) eta % 1,3, A ereduan (irakaskuntza gaztelaniaz). Bestalde, Lehen Hezkuntzako 6 eta 12 urte bitarteko haurren % 60 D ereduan ikasten ari da, % 29,2 B ereduan eta %10,7 A ereduan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, % 51,3 D ereduan dago, % 26,2 B ereduan eta  % 22,3 A ereduan.

Eredu euskaldunetako kopuruak urtez urte gora egiten ari dira apurka apurka, eta hori areagotu guran, Amaia Aguirre alkateak seme-alabak lehenengo aldiz matrikulatu behar dituzten familiei eskutitz bat bidali die gogoratzeko “euskara erdigunean daukan etorkizun eleanitza nahi dugu eta horregatik seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzera animatzen zaituztegu. Aldi berean, gogoratu nahi dizuegu udal webgunean lagungarri izango diren baliabideak eskuragarri dituzuela”. 

Aurten Udalak 1 eta 4  urtera arteko haurrak dituzten 1.400 familiei bidali die eskutitza. Bestalde, umeen heziketaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko aholkuak eta baliabideak udal webgunean aurki daitezke https://www.getxo.eus/eu/euskara/hijos-hijas/euskera-nuestro-futuro1 helbidean.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun