Arene inguruko bosgarren igogailua atzo, eguaztenean, jarri zuten martxan. Ekipamendu berri horregaz, udal-arduradunen helburua izan da Faduratik Algortako goialderainoko ibilbidea irisgarriagoa eta seguruagoa egitea. "Gainera, hiriko ingurumen-kalitatea hobetzen lagunduko du, eta Getxoko hiri-zerbitzuen kudeaketan eraldaketa berdea eta digitala bultzatzen jarraituko du", azpimarratu dute.
Igogailu bertikala da, pasabide eta guzti, eta Areneazpi eta Arene kaleen arteko desnibela gainditzen du, hiru geralekugaz. Tarteko geralekuak Iparbide kaleko 17 A, B eta C zenbakietako atarietarako eta 26-28-30 eta 32 zenbakietarako sarbide-maila bermatzen du, tarteko geraleku horretan gaitutako pasabidearen bidez.
Ekipamendu berri horrek 459.558 euroko inbertsioa izan du, eta, batez ere, Europar Batasunak finantzatu du, NextGenerationEu fondoen bidez, 300.300 eurogaz.
“Esku-hartze honekin, Udalak amaiera eman die EBk eta NextGenerationEU funtsek lagundutako lau jarduketei. Deialdi horren bidez, Udalak 3,47 milioi euro eskuratu zituen 2021ean. MITMAk, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak, laguntza-lerro honen sustatzaileak, eskatutako moduan eta epean gauzatu diren jardueren multzoa da. Diruz lagundutako jarduerak honako hauek izan dira: Zugatzarteko bidegorria, Kale Nagusian oinezkoei lehentasuna emateko lanak, joan den udaberrian amaituak, Areetako Geltokiko plaza berrurbanizatzea eta Iparbide kaleko irisgarritasuna hobetzea”, Amaia Aguirre alkateak azpimarratu duenez. “Sarbide mekanikoek hiria kohesionatzen dute eta pertsona guztientzako autonomia bermatzen dute, dibertsitate funtzional, fisiko, psikiko edo sentsorialaren izaera edozein dela ere. Legegintzaldiko Planean estrategikoa da herritarren erabileraren aldeko kalitatezko hiri-zerbitzuekin arreta ematea”, gehitu du.
Bestalde, Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Janire Ociok adierazi du: “Udalak Hezetasun auzoa eta Algortako erdigunea kohesionatzen jarraitzen du, Geltokia plazaren eta Faduraren arteko eskola-ibilbide irisgarri eta segurua amaitzeko aukera emanez. Alango eta Hezetasuneko 5 igogailuen bidez, edozein pertsona joan ahal izango da modu autonomo eta irisgarrian Telletxetik Fadurara, San Nikolas ikastolara edo Alango-Aiboa-Arkotxa parkera, adibidez. Era berean, herritarrak Alangoko osasun-zentrora iritsi ahal izango dira, baita Areneko parke berrira hurbildu ere. Parke berri hori urte amaieran gauzatuko da, obrak udarako hastea aurreikusita baitago, 2024ko Ibilaldia igaro ondoren”.
Atzerapena obretan
Igogailua martxan jartzeko atzerapena urte erdi baino gehiagokoa izan da, hainbat gorabeherengatik: lubakiaren zati bat urez bete da euri-zaparrada batengatik, eta horrek eragina izan du makinetan; eta kristalak hautsi dira itxiturak muntatzeko fasean, besteak beste. Haustura horren ondorioz, beirak berriro fabrikatu behar izan ziren, neurrira, merkatuan ez baitzegoen izakinik. Era berean, zenbait zailtasun izan ziren energia elikatzeko lineak hornitzeko inguruko enpresa banatzaileagaz; eta azkenean konpondu egin ziren.