Domina hori herritarren merezimenduzko ekintza, jarduera edo egitateen aintzatespena da, larrialdi-egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo haien ondorioak arintzen modu eraginkorrean laguntzen dutenak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuetarako lagunduz. Domina horiek entregatzeko ekitaldia zapatuan izan zen, hilaren 17an, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, eta bertan izan ziren Getxoko alkate Amaia Aguirre, Segurtasun zinegotzi Keltse Eiguren eta Getxoko Udaltzaingoko buru Tomas Santin.
Iñigo Malax-Echevarria, ekitaldira joan ez zena, aintzatetsi dute Algortako Satistegi kaleko trasteleku batzuetan 2022ko azaroaren 28an piztutako sutean egindako jarduketagatik. Modu erabakigarrian esku hartu zuen trastelekuen barruan zegoen bizilagun bat erreskatatzera joan zenean. Sugarrek ke handia sortu zuten arren, kaltetutako pertsona aurkitu zuen eta, jantzietatik tiraka, kanpora ateratzea lortu zuen, udal-iturriek kontatzen dutenez. Ekintzak Getxoko ertzain-etxeko bi agenteen laguntza izan zuen: Jon Soto Sedano eta Bernardo Gonzalez de Zarate Perez de Arriluzea.
Halaber, domina bat jaso zuen praktiketako ertzain batek, Jon Manjon Beristainek; izan ere, 2023ko uztailaren 11n, lanetik kanpo zegoela, saihestu zuen emakume batek bere burua hiltzea Arrigunaga inguruan, bikotekideagaz zuen borrokan bitartekari lanak eginez. Emakumeak sukaldeko labana bat zeraman, bere burua zauritzeko helburuaz, iturrien arabera.