Ideia hori iaz Getxon hasitako Eskola Bidearen proiektua abian jartzearen ondorioz sortu da. Izan ere, proiektu horretan parte hartzen duten pertsona askok bide hezkuntzako prestakuntza eskatu dute, prebentziozko ohituren, jarreren eta balioen garapena eta kontzientziazioa sustatzeko. “Horrela, ikastetxerako bide berri horiek erabiltzen dituzten ikasleek beren jokabidea indartuko dute, modu arduratsuan jarduteko beharrezkoak diren ezagutzak eskuratuz”, azpimarratu du Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak.
Arduradunek gogoratu dutenez, eskolarako ibilbidean eta eguneroko bizitzan, behar-beharrezkoak dira adingabeen mugikortasun-ohiturak aldatzea. Funtsezkoa da gogoratzea, adin horietan, ikasleek bide publikoak erabiltzen dituztela, ez bakarrik oinezko gisa, baita bidaiari gisa ere, eta, beraz, unerik onena da jokabide arduratsua hartzeko, mugikortasun seguruaz gozatzeko trebetasuna emango diena. “Bitartean, gure ardura da portaera lasaia sustatzea, oinezko edo gidari gisa, betiere trafiko-arauak errespetatuz. Gainera, ezinbestekoa da jolaserako izendatutako eremuak erabiltzea, eta erantzukizunez jokatzea egon daitezkeen arrisku-egoeretan, hala nola, pilota errepidera erortzea edo garajeen sarrera-irteeretan arreta berezia jartzea, betiere gune seguruenak erabilita”, nabarmendu du Urkitzak.