60. urteurrena

Itxas Argia Dantza Taldea: sei hamarkada euskal kultura hauspotzen

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 20a, 14:41

Itxas Argia Dantza Taldea, artxiboko irudian. © ITXAS ARGIA

Otsailaren 23an emango diote hasiera Itxas Argia Dantza Taldearen urteurrena ospatzeko ekitaldi sortari. 19:00etan jarri diote "Hasierako agurra" ekitaldiari hitzordua, Bentan, eta, horren ondoren, askotariko jarduerak egingo dituzte datozen hilabeteetan.

Frankismoaren errepresio bortitzaren garai bete-betean jaio zen Itxas Argia Dantza Taldea, 1964an. Izen bereko elkartearen babespean sortu zuten, Andra Mari auzoan, Paulino Azkue dantza-maisuaren gidaritzapean. Taldeko kideek gogoratzen dutenez, garai hartan Zuazo tabernan entseatzen zuten, klandestinitatean, eta hasiera zaila izan zuten arren, 60 urteko ibilbide oparoa izan dute, euskal kultura eta dantzak hauspotzeko eta ezagutarazteko eragile bihurtuz.

Aurten, egindakoari errepasoa emateko eta etorkizunera begira jartzeko asmoz, haien 60. urteurrena ospatuko dute, eta aurreneko ekitaldia egingo dute otsailaren 23an, 19:00etatik aurrera, Bentan. Urtemugaren hasiera-emate horren ondoren, beste hainbat jarduera egingo dituzte hilabeteotan, hala nola dantzaldi berezi bat, sei hamarkadon ibilbidea batzen duen dokumentala eta kalejira erraldoi bat.

"Ez dugu ospakizun soil bat egin nahi. Urteurrena aukera paregabea ikusten dugu garai hauetan euskal dantzen munduak behar duen bultzada horretan gure alea jartzeko!", azaldu dute urteurreneko lan-taldeko kideek. Hala, horren aitzakiagaz, Itxas Argia dantza-taldekoek kide izandakoak eta oraindino direnak batuko dituzte, elkar ezagutu eta omentzeko. Era berean, Andra Mari auzoan euskal kulturaren eragile izan den talde horri ikusgarritasuna eman eta omenaldia egin gura diote, baita "hain zaurgarria bihurtzen ari den" euskal dantzen munduak bizirauteko eta zaharberritzeko duen boterea goraipatu ere.

Itxas Argia Dantza Taldea, 1970an Astrabuduan. © ITXAS ARGIA

60 urte oparo

1964an sortu bazen ere, hurrengo urtera arte itxaron behar izan zuten lehendabiziko ekitaldi publikoa egiteko, sanisidroetan; ostean, X. Paella Lehiaketan dantzatu zuten ere, eta, ordutik, urterik urtera propioa egin dute ekitaldi horietan. Taldearen hastapenak oso zailak izan ziren, ez baitzeukaten ez lokal propiorik ez materiala eta arropak erosteko dirurik. Alabaina, 1968an, taldeak txistularia lortu zuen –Jesus Mari Mayor Txus– eta, horregaz batera, presentzia indartu ere: "Bere txistuarekin dantzei doinua jartzen hasi zen, eta, handik gutxira, taldeko txistulari ofiziala bihurtu zen".

1970ean, elkarteak lokala erosi zuen Iturribide kalean, eta bertan bateratu zituen ekintza guztiak. Era berean, taldeak bere errepertorioa zabaldu eta ondu zuen Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako ikastaroei esker. "Izan ere, erakunde honen zeregina euskal folklorea berreskuratzea, batzea eta hobeto ezagutzeko bidea ematea da".

90eko hamarkadarako, dantza-taldea guztiz errotuta zegoen, nesken eta mutilen taldeak oparoak ziren eta ikastaroak ematen hasi ziren, eta 1993erako, Euskal Herriko Dantzari Eguna  eta Herrien Jaialdia izeneko ekitaldi propioa antolatu zuen aurrenekoz, urtero ospatzen jarraitzen dutena: "Garrantzi berezia du guretzat".

2006an, berriz, lokal berria estreinatu eta, geroztik, taldea asko hazi da eta askotariko dantzaldiak antolatu ditu, plaza xumeetatik hasita, nazioarteko jaialdietara. Uneotan, taldeak ehun dantzaritik gora ditu, "txiki-txikienek lau urte dituzte, eta nagusienek 50 baino gehiago".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun