Errigoraren azken kanpaina aurkezteko asmoz, ardo-dastaketa saioa egingo dute martxoaren 1ean Azebarrin

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 22a, 09:59

Artxiboko irudia: FREEPIK.

Errigorak "Eskutik eskura" kanpaina abiatuko du otsailaren 25ean eta, hori dela eta, Getxoko Errigora lantaldeko kideek Nafarroako lau upategiren ardoak dastatzeko saioa antolatu dute martxoaren 1erako, 5 euroren truke.

Getxoko Errigora lantaldeko kideek gogoratu dutenez, lehenengo aldia izango da oraingoa ardo-loteak erosi ahal izango direla. Hori horrela, Errigoraren bitartez lor daitezkeen kaldo horiek dastatzeko saioa egingo dute martxoaren 1ean, Roberto Sarriugarte Bizkaiko txakolinen kata-batzordeko partaide eta ardoaren kulturaren dibulgatzailearen eskutik.

Saioa Algortako Azebarri kulturgunean izango da, 19:00etatik aurrera, eta interesa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, 688 652 917 telefono zenbakira deituta; sarrera 5 eurokoa izango da.

Dastaketa-saioan hurrengo upategien ardoak probatuko dituzte: Aristu, Azpea, Lezaun eta Mendiko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun