Herrian aparkaleku berriak eraiki aurretik, Gobelako 90 garaje-plazei irtenbidea ematea eskatu du Elkarrekin Podemosek

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 22a, 13:54

Aparkaleku bat hutsik, artxiboko irudian.

Talde moreak deitoratu du Areetako Mesedeetako kalean aparkaleku publiko berri bat eraikitzeko akordioa "eskaintzaren eta eskariaren benetako azterketarik gabe" egin dela eta, hori dela eta, Gobelako 90 plaza libreek azpiegitura berriak eraiki aurretik eskaintzen dituzten aukerak aztertu beharko liratekeela, "inguruko obrek eragingo duten kostu eta inpaktuarekin".

Aurtengo aurrekontuetan Mesedeetako kalean aparkaleku publiko bat eraikitzea adostu zuten EAJk eta PSE-EEk PP alderdiagaz. Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek deitoratu du proiektu hori eskaintzaren eta eskariaren azterketarik gabe egin dela. Are, jakinarazi du gobernu-taldeak aitortu duela ez duela Mesedeetako txandakako aparkalekuaren erabilerari buruzko daturik, "eta Areetako aipatutako aparkalekuan tarifak jaisteak izango lituzkeen ondorioei itxaron gabe". Hori dela eta, Elkarrekin Podemosen ustetan, Gobelako 90 plaza libreek azpiegitura berriak eraiki aurretik eskaintzen dituzten aukerak aztertu beharko lirateke, "inguruko obrek eragingo duten kostu eta inpaktuarekin".

Talde moreak gogoratu duenez, urteak dira oposizioko taldeek eskatzen dutela Algortako San Nikolaseko aparkalekuan oraindino libre dauden plazen egoera konpontzeko, "eta, azkenean, gobernu-taldeak iragarri zuen plaza horiek laster alokairuan aterako zirela". Hori horrela, Elkarrekin Podemosek uste du Gobelako plaza libreei ere irtenbidea emateko unea dela, "gobernu-taldeak aitortu zuenez, urtebete baino gehiago baitaramate hutsik, TAO zerbitzua  Romon ezarri zenetik, hain zuzen ere".

Gogoratu du, gainera, inguru horretan hiru udal-aparkaleku daudela: Santa Eugeniakoa, 250 plaza guztira, "eta horiek guztiak okupatuta daude (213 emakida eta 27 alokairuan)"; Mesedeetakoa, 367 plaza, "horietatik 188 txandaka eta gainerakoak emakidan, denak ere okupatuta", eta, azkenik, Gobelakoa, "20 bat emakidan, 195 alokairuan eta 90 plaza libre inolako erabilerarik gabe".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun