Getxok daborduko lau autoizapidetze-makina ditu, administrazio-tramiteak egiteko

Erredakzioa 2024ko ots. 23a, 10:06

Udaletxean dagoen makina. © GETXOKO UDALA

Udal-tramiteak modu automatikoan egin ahal izateko lau autoizapidetze-makina ditu Getxok daborduko. Izan ere, udal-iturriek zehaztu dutenez, Algortako eta Areetako herritarren arretarako bulegoetan lehendik zeuden biei gehitu zaizkie beste bi, bata, udaletxean, eta bestea, Andra Mari kiroldegian. 

Izapidetze-makina horiek erabiltzeko ordutegia 08:00etatik 14:00etara izango da, Algortako (Torrene kalea) eta Areetako (Mesedeetako kalea) HABetan eta udaletxean (Foruak kalea); Andra Mari kiroldegikoa, aldiz, 08:30etik 21:30era.

Makina horien funtzionamendu-sistema Udaleko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak-IKTen Unitateak garatu du, eta, horri esker, hainbat izapide egin daitezke, "modu erraz eta intuitiboan", besteak beste: errolda-agiriak eta -ziurtagiriak lortu (banakakoak, familiakoak-kolektiboak, historikoak), udal-ordainagiriak ordaindu “Ordainketa-gutun” bidez, edo eskaerak eta komunikazioak aurkeztu Udaleko Erregistro Orokorrean.

Zaloa Campillo Herritarren Arretarako zinegotziak adierazi duenez, “baliabide honen helburua da herritarrei administrazio-izapide ohikoenak egitea erraztea, eta honako hauekin bat egiten du: Algortako eta Areetako HABetan eskaintzen den aurrez aurreko arretarekin, Call Centerren bidez telefonoz ematen denarekin (010 edo 94 466 00 00, Getxotik kanpo deitzen bada) eta Administrazio Elektronikoko Bulegoaren (OAE) telematikarekin. Gainera, Algortako eta Areetako HABetan bi makina jarri ditugu aldez aurreko hitzordurik gabe joaten direnen itxarote-txandak kudeatzeko. Horri esker, ahalik eta modu bidezkoenean eta ekitatiboenean atenditu ditzakegu pertsonak, presentzia- eta lehentasun-irizpideekin, horrela itxaronaldiaren egonezina saihestuz eta artatutako pertsonen gogobetetze-maila handituz”.

Herritarrak erosoago egon daitezen, eta baldintza ez izan arren, Udalak aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen jarraitzen du, "nahi ez diren itxaronaldiak saihesteko eta eskatutako ordu eta egunean kudeaketak egitean emaitza egokiagoa lortzeko". Campillok gaineratu duenez, “aldez aurreko hitzordua hobetu dugu. Ez dugu itxarote-zerrendarik eta hitzordua eskatzen den egun berean lor daiteke”.

Erregistro Interkonexio Sistema

Getxoko Udala EIS-Erregistroen Interkonexio Sisteman ere sartu da, eta horri esker, erregistro-idazpenak trukatu ditzake Estatuko gainerako administrazio publikoakaz. Horrela, Getxoko Udaleko Herritarrentzako Arreta Bulegoetan erregistratu daitezke daborduko Estatuko edozein administraziori zuzendutako dokumentuak, eta formatu elektronikoan bidal daitezke herritarrek administrazio horien aurrean aurkeztutako dokumentuak. Modu horretan, bidalketak erraztuko dira eta dokumentuak organo hartzaileari helarazteko behar diren epeak murriztuko dira. “HABak arduratzen dira erregistratzeaz, baina zerbitzuaren erabiltzailearen erantzukizuna da Estatuko herri bakoitzak egin nahi duen izapiderako eskatzen dituen betekizunen eta dokumentazioaren berri izatea”, ondorioztatu du Campillok.

Era berean, Getxoko Udalak formatu elektronikoan jaso ditzake herritarrek Estatuko edozein administrazio publikoren aurrean aurkeztutako dokumentuak, baita administrazio publikoek sortutako dokumentuak ere, Udalaren mendeko edozein sail edo erakunderi zuzendutakoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun