Irantzu Idoate hazpandarrak jantzi du 23. Abra Sariko txapela

Ander Zarraga 2024ko ots. 28a, 09:14

Aurreko barikuan, hilaren 23an Abra Sariak egin zituzten Algortako Azebarri kultur txokoan. Euskal Herriko sei bertsolari gazte aritu ziren norgehiagokan, Beñat Vidal gai-jartzailearen gidaritzapean. 

Eli Zaldua Barquin eta Irantzu Idoate Funosas heldu ziren txapelketako azken txanpara, eta azken horrek jaso zituen puntu gehien, horrenbestez, berarentzat izan zen 23. Abra Sarietako txapela. Hurrenez hurren, 177 eta 164,5 puntu eskuratu zituzten Hazparneko (Lapurdi) eta Gasteizko (Araba) bertsolariek. 

Oholtza gainean ere aritu ziren June Diez Franco (164 puntu), Idoia Granizo Uribarrena (164 ountu), Danel Etxebarria Iturbe (159 puntu) eta Haizea Telleria Urkijo (128,5 puntu). Epaile-lanetan aritu ziren Paule Loizaga, Josu Arroyo eta Joseba Santxo, eta idazkari-lanak egin zituen Akaitz Gomezek.

Bertsolariak binaka aritu ziren zortziko handian, zortziko txikian, eta gero, puntu-erantzunetan. Amaitzeko, banaka aritu ziren hamarreko txikian, eta buruz burukoan, sei puntuko motzean binaka aritu ziren eta kartzelan bi ariketa egin behar izan zituzten: lehenik sentsazio bat sentiarazi behar izan zioten entzuleari eta ondoren gai baten inguruan hiru bertso kantatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun