Aurkeztutako lanek originalak izan beharko dute, GUrari Etxearen oinarrian dauden balioetan oinarrituta; "besteak beste, gune feminista, intersekzionala, irekia, askea, aldarrikatzailea, ahalduntzailea eta integratzailea izan beharko dute", azpimarratu dute deitzaileek. Etxea eraikitzeko prozesuan parte hartu duten emakumeek aukeratutako GUrari (GU-nosotras/ura-agua/Ari-hacer) izenak Getxo bezalako kostaldeko herri baten batasuna, mugimendu feministaren bultzada eta ezaugarriak adierazten ditu. Originaltasuna, argitasuna, sormena eta kalitate artistikoa ere kontuan hartuko dira, baita etorkizunean sar daitezkeen espazio eta formatuetara egokitzea ere.
18 urtetik gorako pertsona fisikoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, banaka edo taldean, eta prozedura eta neurri askeko lan originala aurkeztu ahal izango dute, formatu digitalean eta GUrari hitzagaz. Diseinu bakoitza koloretan eta zuri-beltzean aurkeztu behar da, azalpen txiki bategaz.
Lanak aurkezteko epea bihar, eguenean, hasiko da eta datorren apirilaren 2an amaitu; egindakoak www.getxo.eus udal webguneko Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bitartez aurkeztu beharko dira.
Logotipo irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du. Pertsona horrek saritutako logotipoaren jabetza eta hura ustiatzeko eskubideak Udalari lagako dizkio, esklusiboki eta denbora-mugarik gabe.