Getxoko 900 etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak eskatzen dituen mozioa atzera bota dute EAJk eta PPk

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 29a, 13:36

Getxoko Udalak ez du neurririk hartuko udalerrian hutsik dauden 900 etxebizitzakaz. Halaxe deitoratu du EH Bilduk, gaurko osoko bilkuran, koalizio abertzaleak eta Elkarrekin Podemosek Kaleratzeak Stop taldeak proposatutako mozioa aurkeztu ondoren. EAJk eta PPk mozioaren kontra egin dute; gainontzeko udal-taldeek, gobernu-taldean dagoen PSE-EE barne, proposamena babestu dute.

Kaleratzeak Stop taldeak proposatutako mozioan, udalerriko etxebizitza hutsen gaineko neurriak hartzeko eskatzen zitzaion gobernu-taldeari, horretarako kanon bat aplikatzeko aukera ematen duen Euskal Etxebizitza Legea aplikatuz. "Kontuan izan behar dugu Getxon etxebizitza-arazo larria dagoela, milaka gaztek alde egiten dutela Getxotik, ezin dutelako etxebizitza duin bat eskuratu: prezio astronomikoengatik, eskaintza nahikorik ez dagoelako, eta abar", azpimarratu du EH Bilduk.

Osoko bilkuran, baina, mozioa atzera bota dute EAJren eta PPren botoek eta, hartara, "Getxok ez du inolako neurririk hartuko euskal etxebizitzaren legea aplikatzeko eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzen saiatzeko", salatu du koalizio abertzaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun