Ibilaldia 2024k badu bere kanta: 'Txonbo plazara!'

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 4a, 08:51

Algortako San Nikolas Ikastolak antolatuko du aurtengo Ibilaldia eta, horri begira, jaiari doinua jarriko dion abestia aurkeztu zuen zapatuan, hilaren 2an, Muxikebarri Antzokian. Ekitaldi jendetsua izan zen aurkezpena, ikastolako ikasle ohi izandako Asier Hormaza eta Itxaso Payak zuzenduta egon zena.

Aurkezpenean, kantaren berri emateaz gainera, hainbat ikuskizun egin zituzten, hala nola Txaramelarena, ikastolako musika eskolarena. "Denak harrituta utzi gintuen hiru interpretazio ikusgarrirekin", azpimarratu dute antolatzaileek. "Txaramelako irakasleek berriz ere beren talentua eta dedikazioa erakutsi zuten, komunitate osoaren musika esperientzia urtez urte aberastuz".

Ibilaldia 2024ko abestiari dagokionez, lan horren sortze-prozesua eta hori dena kudeatu duen batzordea nabarmendu zuten ekitaldian, "eta konposizioan instrumentu eta ahots bakoitzak zeregin erabakigarria izan zuela frogatu zen". Izan ere, kantan, hainbat ikasle ohik, familiak eta ikastolako langilek parte hartu dute, abestiari "ukitu berezia eta esanguratsua" emanez.

Arduradunek azaldu dutenez, kantaren letrak ikastolaren zenbat baloreri egiten dio erreferentzia eta, besteak beste, haurrak euskaraz bizi daitezen helduen eredugarritasunaren garrantzia azpimarratu gura izan dute. "Izan ere, guraso, langile eta gainontzeko helduei euskarari eusteko deia egiten die kantak, ezagun zein lagunekin, haurrek ere berdina egin dezaten".

Horrez gainera, San Nikolas eta herriaren arteko lotura, "oraingoa eta lehengoa" nabarmentzen ditu. "Getxo euskalduna izan badela, eta, gainera, indartsu dagoela", aldarrikatzen du abestiak.

Bestalde, nabarmendu dute helduek zein umeek, euskaldunek zein euskaraz ez dakiten euskaltzaleek elkarregaz kantatzeko moduko leloa duela Ibilaldiko abestiak, "guztiek elkarrekin geroa eraikitzea baita ikastolaren oinarrietako bat".

Era berean, lehen Ibilaldiari ere keinua egiten dio kantak, Getxon izan baitzen Bizkaiko ikastolen aldeko lehenengo jaia, 1978an. Hala, iragarri dutenez, garai horretako lana eta ilusioa izango dira aurtengo Ibilaldian ere: "Izan ginen, eta bagara".

Abestiaren fitxa teknikoa:
  • Abestia eta melodia: Alexander López. Hitzak: Inazio Vidal, Arrate Illaro, Imanol Uria eta June Diaz. Abeslariak: Eider Saratsaga, Lide Hernando, Ainhoa Aranburu, Oier Garamendi, Iera Landa, Lierni Juaristi, Ainhoa Juaristi eta Laia Moran.
  • Musikariak: Asier Lores, Iñaki Etxegia, Alexander López, Asier Alda, Alberto Mielgo, Amaia García, Ruben Isasi eta Germán Ulacia.
  • Konponketak: Alexander López
  • Grabazioa, nahasketa, masterra: Unai Mimenza. Tio Pete estudioa.
  • Kudeaketa: Jon Ander Aranburu, Unai Aranguren, Alberto Mielgo, eta Aitor Uribarri.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun